• Kepa Zubiarrain alkatea, gaur goizean, urriak 16, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin batu da telematikoki, gainerako alkateekin batera. Egoera “kezkagarria” dela azaldu du Osasun Sailburuak.
  • Familia, lagunarte eta kale elkarretaratzean ematen dira kasuen ehuneko handiena. Hor jarri behar dugu fokua. Lazkaoko Udalak, osasun agintarien gomendioei jarraiki, hiru neurri hauek betetzeko eskaera egin du beste behin: distantzia soziala mantentzea, musukoaren erabilpena eta eskuak maiz garbitzea.

Kepa Zubiarrain alkatea, gaur goizean, urriak 16, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin batu da telematikoki, gainerako alkateekin batera, lurraldearen osasun egoera aztertu eta etorkizun hurbilean eman beharreko pausuak zehazteko.

Osasun sailburu Gotzone Sagardui arduratuta agertu da pandemiak Euskadin azken egunotan utzi dituen datuak ikusita. Egoera "kezkagarria" dela aipatu du eta prebentzio neurriak hartzera deitu du gizartea, "guztion esku" baitago positiboen igoera gelditzea.

Kepa Zubiarrain alkateak, bere aldetik, nahiz eta Lazkao inguruko hainbat herrietako Covid-19aren intzidentzia mailara ez iritsi, Goierrin azken aste honetan kasuen gorakada nabarmena dela adierazi du eta herritarrei dei egin die neurriak hartzera egoerak okerrera egin ez dezan: “19-35 urte arteko pertsonengan ditugu kasu gehien, baina baita, gutxiago bada ere, 35 eta 55 urte artean. Inor ez gaude salbu eta neurriak betetzea ezinbestekoa da. Familia, lagunarte eta kale elkarretaratzean ematen dira kasuen ehuneko handiena. Hor jarri behar dugu fokua” berretsi du.

Lazkaoko Udalak, osasun agintarien gomendioei jarraiki, hiru neurri hauek betetzeko deia egin du: distantzia soziala mantentzea, musukoaren erabilpena eta eskuak maiz garbitzea.

 

3