1. Artikulua.– Gaueko ordutegian zirkulatzeko askatasuna mugatzea.

1.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuak adierazitako alarma-egoera indarrean dagoen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan gaueko ordutegian dauden pertsonen zirkulazio-askatasunaren mugaren hasiera-ordua 23:00ak izango da, eta muga horren amaiera-ordua 06:00ak.

2.– Aurreko puntuan ezarritako ordutegian, pertsonek erabilera publikoko bideetatik edo espazioetatik zirkulatu ahal izango dute soilik urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan aurreikusitako jarduerak egiteko:

a) Sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea.

b) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

c) Albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik.

d) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

e) Ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren.

f) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

g) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

h) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

i) Gasolindegietako edo gasolina-zerbitzuguneetako errepostajea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean.

2. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean pertsonak sartzeko eta ateratzeko mugak.

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean sartzeko eta bertatik irteteko mugak ezartzen dira.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako arrazoiren batengatik egindako joan-etorriak baino ez dira baimenduko, behar bezala justifikatuta badaude:

a) Osasun-zentro, -zerbitzu eta -establezimenduetara joatea.

b) Laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea.

c) Unibertsitate-, irakaskuntza- eta hezkuntza-zentroetara joatea, haur-hezkuntzako eskolak barne.

d) Ohiko bizilekura edo familia-bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea.

f) Mugakide diren lurraldeetako finantza- eta aseguru-erakundeetara edo hornidura-estazioetara joatea.

g) Organo publiko, judizial edo notarialetan egin beharreko edo presako jarduketak.

h) Baimenak eta dokumentazio ofiziala berritzea, bai eta beste administrazio-izapide atzeraezin batzuk ere.

i) Azterketa edo proba ofizial atzeraezinak egitea.

j) Ezinbestekoa edo premia-egoera dela eta.

k) Antzeko beste edozein jarduera, behar bezala egiaztatua.

3.– Aurreko paragrafoetan ezarritakoaz gain, mugatu egiten da bizilekua finkatuta duten udalerriko mugarte bakoitzeko pertsonen sarrera eta irteera, aurreko zenbakian aurreikusitako salbuespenekin, eta mugakide diren udalerrien arteko mugikortasuna baimentzeari kalterik egin gabe, ohiko igarobidean, banakako gizarte-, ekonomia- eta kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko. Salbuetsita daude, halaber, eranskinaren 14.1 atalean baimendutako kirol-lehiaketetarako beharrezkoak diren lekualdatzeak.

4.– Artikulu honetan aurreikusitako mugak aplikatzekoak diren lurralde-esparruetatik igarotzen den zirkulazioak ez du inolako murrizketarik izango.

3. artikulua.– Pertsona-taldeak espazio publiko eta pribatuetan egotea mugatzea.

1.– Pertsona-taldeak erabilera publikoko espazioetan, itxietan nahiz aire zabalekoetan, nahiz erabilera pribatuko espazioetan egoteko, ezinbestekoa izango da gehienez ere sei pertsona egotea, salbu eta bizikideak badira, eta hargatik eragotzi gabe jendearentzat irekitako bulegoei, instalazioei eta establezimenduei, edo adingabeei edo menpeko pertsonei dagokienez ezartzen diren salbuespenak.

2.– Urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 7.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, artikulu honetan aurreikusitako mugaren barruan ez dira sartuko lan-, hezkuntza- eta erakunde-jarduerak, ezta araudi aplikagarrian berariazko neurriak ezartzen direnak ere.

4. artikulua.– Prebentzio-neurri espezifikoak.

Dekretu honen aurretik hartutako neurriak indarrean jarraituko dute eta aplikatuko dira.

WhatsApp Image 2020 10 27 at 13.21.32