• COVID-19ak sortutako egoera berrira egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua finantzatzeko diru-laguntza lerro berriaren eskaera epea azaroaren 3tik abenduaren 30a bitartekoa izango da. Zenbatekoa inbertsioaren %80koa izango da, betiere 2.000 euroko guztirako mugarekin.
  • Gida komertziala eguneratu da: guztira 220 saltokiren informazio batzen du eta lehenengoz lehen sektoreko ekoizleen informazioa ere barneratu da. Udal eraikinetan dago eskuragarri, eta era digitalean www.lazkao.eus en.
  • 'Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?' kanpainaren 2. sortako 2.500 bonuak agortuta.

Covid-19ak eragin zuzena eta larria sortu du osasun, gizarte eta ekonomia mailan ere. Ildo honetan, osasun eta gizarte ondorioak leuntzeko hainbat ekimen eta neurri hartu zituen Lazkaoko Udalak maiatzean abian jarritako Berraktibazio Planaren baitan: udalerriko jarduera ekonomikoa ahalik eta lasterren berreskuratzeko osasun-baldintza egokienak bermatzeak dakarren gastuen % 60 diruz laguntzeko lerroa, hobariak zergetan eta udal-tasetan, edota bono kanpaina, beste hainbaten artean.

Covid-19ak gure artean jarraitzen du, eta birusa saihesteko neurriek zuzenki eragiten die merkatari, ostalari edota zerbitzu ezberdinei. Hori horrela, Lazkaoko udalak Berraktibazio Planaren bigarren fasea jarri du abian udazkenean: II. Kontsumo bono kanpaina 2.500 bonorekin, merkataritza eta ostalaritza guneak COVID-19ak sortutako egoera berrira moldatu eta jarduerak ber-asmatzeko egindako inbertsioak laguntzeko lerroa, eta Lazkaoko Gida Komertzialaren eguneraketa eta zabalpena.

 

COVID-19ak sortutako egoera berrira egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua finantzatzeko diru-laguntza lerro berria

Lazkaoko Ekonomia sustatzea eta garatzea Lazkaoko Udalaren oinarri estrategiko izanik, 2020-ko martxoko itxialdiaren ondoren eta kalte ekonomiko larriei aurre egiten lagundu nahian, herriko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren jarduera ahalik eta azkarren berreskuratu zedin laguntza lerro bat aktibatu zen. Irekiera hori osasun baldintza egokietan egin zedila bermatu nahia zuen oinarri. Herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzaren jarduera gehiena berriro ere aktibatzea lortu den arren, COVID-19-ak sortuta egoera berriak jarduerak moldatu eta ber-asmatzeko beharrizana sortu du kasu askotan. Inbertsio horiek finantzatzeko laguntza lerroa jarri du abian udalak. Eskaera epea azaroaren 3tik abenduaren 30a bitartekoa izango da.

Diru-laguntza hauek herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariek 2020ko martxoaren 13tik hasi eta 2020ko abenduaren 30era bitartean izandako ondorengo gastuak laguntzeko izango dira:

  • Merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza lokalak eta terrazak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, COVID-19ak sortutako egoera berrira moldatu eta jarduerak ber-asmatzeko. Hartara segurtasun eta osasun protokolo irizpideak betez. Honez gain, inbertsio hauek egiteko beharrezkoak diren ikerketak.
  • Bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua (transformazio digitala).

Laguntzaren zenbatekoa justifikatutako inbertsioaren %80koa izango da, betiere 2.000 euroko guztirako mugarekin. Gastu hauen justifikaziorako dagozkion fakturak aurkeztu beharko dira (martxoaren 13tik abenduaren 30era bitartekoak).

Diru-laguntzak eskabideak jaso ahalako hurrenkeran banatuko dira. Diru-laguntza lerro berri hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin sortu da.

 

Gida komertziala eguneratu da

Lazkaoko udalak Gida Komertziala eguneratu du. 2016an argitaratu zen lehen aldiz, eta orain, herriko hirugarren sektorearen datuak eguneratuta kaleratu da berriro, fisikoki zein era digitalean. “Zerbitzua ikusarazi eta herritarrak bertan erostera animatzeko” helburua du oinarri udal ordezkarien esanetan.

Guztira 220 saltokiren informazio batzen du: kokalekua, kontaktua, zerbitzu mota… 76 merkatariak dira, 25 ostalaritza eremu, 58 enpresa eta 55 zerbitzu. Lehenengoz lehen sektoreko ekoizleen informazioa ere barneratu da Gidan.

Udal eraikinetan dago eskuragarri, eta era digitalean www.lazkao.eus-en.

 

'Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?' kanpainaren 2. sortako 2.500 bonuak agortuta

Herriko ekonomia berraktibatzeko ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez’ bonu kanpainari jarraipena eman zion Lazkaoko Udalak bono sorta berri bat kaleratuz pasa den urriaren 19an: guztira 1.500 bono berri jarri ziren salgai. 3 egunetan agortu ziren. Ondorioz, 3. Sorta 1.000 bono gehiagorekin zabaltzea erabaki zen eta azaroaren 2an jarri ziren salgai. Agortu dira jada. 20 euroko prezioan 30 euro erosteko ahalmena dute bonudunek eta herriko 61 saltokitan erabili daitezke. Azaroaren 28ra arte erabili daitezke.

 IKOM proposamena azkena 201014 page 001