• Udal Gobernuak ezkutu soziala “sendotu” du, Gizarte Zerbitzuetan % 14ko igoerarekin, eta inbertsio publikoaren aldeko apustua egin du, 2019-2023 Legegintzaldiko Planean jasotako proiektuak gauzatuz, hala nola Kanpandegiko industrialdea edo Hiribarren-Ibabe eremua, besteak beste.
  • Kepa Zubiarrain, alkatea: "Lazkaotarrak pandemiaren aurrean zaintzen jarraitu behar dugu, baina normaltasun fase berri batean sartzen garenerako prestatu behar dugu, azkar errekuperatu ahal izateko, eta herritarren ongizate sozialean eta Lazkaoren etorkizunean sakontzeko eta aurrera egiteko".


Lazkaoko Udalak 8.035.916 euroko aurrekontua izango du 2021ean. Joan den ostegunean, azaroaren 26an, onartu zen, EAJ-PNVko 7 zinegotzien aldeko botoekin eta EH Bilduko zinegotzien aurkako 6 botorekin. Udalarentzat estrategikoak diren 3 lan-ildo garatzeko erabiliko da: herritarren babesa eta lapurtarren ongizatea bermatzea, garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena, eta Lazkaoren etorkizuna zimentatzea.

Aurrekontua % 1,23 txikiagoa da 2020ko kontuekin alderatuta, Covid-19ren ondorioz, eta pandemiaren testuingurura egokitu eta baldintzatu da. Pandemian diru-sarrera arruntak jaistea aurreikusten da, baina ekonomia- eta finantza-egoera onbideratuak aukera emango dio Udal Gobernuari eskuragarri dituen soberakinekin, zorpetzera jo beharrik gabe, ekonomia eta enplegua suspertuko dituen inbertsio publikoa bultzatzeko eta etorkizuneko Lazkaoren oinarriak ezartzeko.

Kepa Zubiarrain alkateak eta Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak aurkeztu dute 2021eko aurrekontuen proiektua: "Kontu aurrerakoiak dira, eta guztiz salbuespenezkoak, onartzen diren testuinguruagatik. Udal sarrerak gutxitu diren arren, inbertsio publikoak Lazkaoren bultzatzailea izan behar duela uste dugu, herritarren eta enpresen testuinguru oso zailean dagoen ekonomiaren eragilea. Inbertsio pribatua erraztu behar dugu, enpresak eta lanpostuak sortzeko aukerak eskaini, ingurune soziala eta ekonomikoa berreskuratze aldera".

"Pandemiak eragin handia izan du hiri-ekonomian. Udalak egoera hori iraultzen laguntzen jarraitu nahi du. Hori dela eta, aurrekontu hedakorra proposatzen dugu, funtsezko zerbitzuak eta inbertsio publikoa bultzatzen baititu, Legegintzaldi Planean aurreikusitako inbertsioak gerakinarekin finantzatzeko konpromisoarekin batera".

Gastu arrunta, oro har, bere horretan mantendu da, Gizarte Zerbitzuen arloan izan ezik. Azken horrek % 14 egin du gora, lazkaotar zaurgarrienak babesteko. Zubiarrainen hitzetan, helburua "Lazkao aurrerakoi, berdintasunezko eta ekologiko baten zimenduan aurrera egitea da, inor atzean utzi gabe. Pandemiaren aurrean lazkaotarrak zaintzen jarraitu behar dugu, baina normaltasun fase berri batean sartzen garenerako prestatu behar dugu ere, azkar errekuperatu ahal izateko eta herritarren ongizate sozialean eta Lazkaoren etorkizunean aurrera egiteko".



Inbertsioa gehiago pertsonengan eta etorkizuneko aukeretan

Guztira, 410.000 euro bideratuko dira gizarte-zerbitzuen zorroa bermatzeko, hau da, 2020. urtearekin alderatuta, % 14 gehiago. Batez ere, etxez-etxeko laguntza zerbitzua indartu da 275.000 eurorekin, % 18 gehiago. Familientzako laguntzen zenbatekoak ere gora egin du, 63.000 eurorekin.

Era berean, mantendu egiten dira familian esku hartzeko programak (AES), Iparra-Hegoa programa edo ekimen solidarioak. Baita migratzaileei laguntzekoak edo kultura-aniztasuna kudeatzekoak ere.

Ezkutu soziala “sendotuta”, ongizatea aukerekin bermatzen dela adierazi du Zubiarrainek. "Horregatik, inbertsio publikoaren aldeko apustua egiten dugu, ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko elementu dinamizatzaile gisa. Udal-gobernuaren 2019-2023 Legegintzaldiko Planean jasotako proiektuak gauzatzen jarraituko dugu, hala nola Kanpandegiko industrialdea edo Hiribarren-Ibabe eremua garatzea, enpresen beharrei erantzuteko eta beste berri batzuk gure herrian finkatu ahal izateko”.

Hiribarren-Ibabe eremua 2021eko inbertsiorik handiena izango da ekonomikoki. Eremu mistoa da, industria- eta bizitegi-eremua, eta hirigintza-konprexutasun handia du: egoera txarrean dauden azpiegiturak, ekipamendu oso amortizatuak, aparkalekuen defizit argia, jarduerarik gabeko pabiloiak, dauden pabilioietara eta lokaletara sartzeko arazoak. "Gure ustez, guztiz beharrezkoa da faseka jarduketa integral bat egitea, eremua biziberritzeko eta bertako biztanleen bizi-baldintzak hobetzeko", adierazi du alkateak.

"Harremanetan gaude merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzuekin. Pandemiak oraindik ez du amore ematen, eta funtsezkoak dira eta izango dira babes-neurri berriak. Horregatik, 2020ko maiatzean onartutako Suspertze Planari jarraipena ematearen aldeko apustua egiten dugu, unean-uneko beharretara eta pandemiaren bilakaerara egokituz, inbertsioak eta ekipamenduak finantzatzeko laguntza-lerroen bidez, negozioen digitalizazioari lagunduz edo tokiko kontsumorako pizgarri berriak bultzatuz. Azken finean, gure kaleei bizia emango dien jarduera ekonomikoa berreskuratzeko ekimenak bultzatzea oinarrizkoa da guretzako".



1.510.000 euro inbertsioetan


Udalak inbertsio-ahalmenari eutsiko dio udalaren gerakinari esker, eta 1.510.000 euro bideratuko ditu hainbat proiektutara:

Hirigintza eta Zerbitzuen arloan egingo da inbertsiorik handiena: 584.815,00 € Hiribarren-Ibabeko urbanizazio-obretarako, 120.000,00 € Mikelarreko hobekuntzetarako, 100.000,00 € Elosegiko zubitik San Prudentzio eraikinera kalea eraberritzeko eta 100.000 € merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sustapena babestu eta bultzatzeko, 90.000,00 € landa-bideak hobetzeko, 80.000 € Harizti Handin hbekuntzak egiteko, 30.000,00 € landa-eremuko ur-sarean, 15.000,00 € Larreategiko urbanizazioan eta 10.000 € hardwarea erosteko.


Gainera, eragileekin lankidetzan jarraituko dugu, eta hainbat proiektu idatziko ditugu:

  • Berdintasuna. 2021eko Ekintza Plana eta hainbat ekimen idaztea: 15.000 €.
  • Ingurumena (Trantsizio energetikoa): 12.000 € eguzki-plaken proiektua idazteko eta ondoren inbertsioa egiteko, kreditua aldatuz.
  • Euskara: euskara ikasteko ekimenak eta diru-laguntzak: 40.000 €
  • Landa-ingurunea (baserriak): argiteria, bideak egokitzea eta beste laguntza batzuk, 95.000 €.
  • San Benito ikastolako hitzarmena berritzea 57.000 €
  • Hitzarmena Lazkao-Txiki Musika Eskolarekin 55.000 €
  • Hitzarmena Benedictinos Fundazioarekin, artxiboa kudeatzeko 24.000 €.
  • Orobione Jubilatuen Elkartea, 10.000 €.

 

Trantsizio energetikoa eta ekologikoa


"Energia Eraginkortasuna eta Energia Jasangarria Hobetzearekin lotutako inbertsio publikoaren kapituluan ahalegin handia egitea aurreikusi dugu" nabarmendu du Miranda zinegotziak. Lazkaoko Energia Planarekin aurrera egingo da, Europar Batasunaren eta Euskadiren energia-helburuekin bat datorren energia-eredu berri baten trantsizioa bideratzeko helburuarekin.


110.000 € bideratuko dira aurten ere egungo argiak Led teknologiara ordezteko, eta horrek energia aurreztea, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea eta argi-kutsadura hobetzea ekarriko du.


Udal-eraikinetan eguzki-plakak jartzeko proiektua idatziko da. 2021erako ordenantza fiskaletan, eguzki-plakak edo energia berriztagarriak jartzeko obren gaineko zergan % 95eko hobaria onartu da.


Mugikortasunaren alorrean ere, Lazkaoko Udalak protagonismo eta segurtasun handiagoa eman nahi dio oinezkoari.



Gizarte-talde eta -eragileei laguntzea

Kultura-programaziorako, kiroletarako, euskararako eta gazteriarako aurrekontuari eusten zaie, abian dauden proiektuetan ekintza berriak bultzatuz, eta 2020an egindako II. Berdintasun Plana aplikatzea ere lehenesten da. Hori guztia herriko elkarteen eskutik: "Gizarte, kultura, gazte eta kirol eragileak dira gure udalerriaren motorra. Horregatik mantentzen ditugu arlo horietan diharduten gizarte-talde eta -eragileentzako diru-laguntzak".

 IMG 9751 min

IMG 9749 min

IMG 9728 min