• 2.000 euro arteko diru-laguntzak eskatu ahal izango dira, gastuaren %80a. Diru-laguntza hauek herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariek 2020ko martxoaren 13tik hasi eta 2021eko urtarrilaren 31ra egindako inbertsioak laguntzeko dira.
  • Udaletik adierazi dutenez, dirulaguntza honek “harrera oso ona” izan du: 13.000 eurotik gorako diru-laguntzen eskaerak aurkeztu dira dagoeneko. Ahalik eta eskaera gehienei erantzuna emango zaiela ziurtatzeko, dirulaguntzaren aurrekontua 40.000 eurora igo da.

Urtarrilaren 31ra luzatu du Udalak merkataritza eta ostalaritza guneak COVID-19ak sortutako egoera berrira moldatu eta jarduerak ber-asmatzeko egindako inbertsioak finantzatzeko diru-laguntza eskatzeko epea. 2.000 euro arteko laguntzak eskatu ahal izango dira, inbertsio mailaren arabera, gehienez gastuaren %80a.

Diru-laguntza hauek herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariek 2020ko martxoaren 13tik hasi eta 2021eko urtarrilaren 31ra bitartean izandako ondorengo gastuak laguntzeko izango dira:

  • Merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza lokalak eta terrazak egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua, COVID-19ak sortutako egoera berrira moldatu eta jarduerak ber-asmatzeko. Hartara segurtasun eta osasun protokolo irizpideak betez. Honez gain, inbertsio hauek egiteko beharrezkoak diren ikerketak.
  • Bezeroekin eta entitate hornitzaileekin lan erlazio berrietara egokitzeko inbertsioak eta ekipamendua (transformazio digitala).

Udaletik adierazi dutenez, dirulaguntza honek “harrera oso ona” izan du: Dagoeneko 12 ostalarik, merkatarik eta zerbitzu arduradunek eskaera aurkeztu dute eta beste batzuek tramitatzeko asmoa dutela iragarri dute. Ahalik eta eskaera gehienei erantzuna emango zaiela Ziurtatzeko, Udalak dirulaguntzaren aurrekontua 40.000 eurora igo du.

Herri Ekonomia sustatzea eta garatzea Lazkaoko Udalaren oinarri estrategiko izanik, 2020-ko martxoko itxialdiaren ondoren eta kalte ekonomiko larriei aurre egiten lagundu nahian, herriko merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren jarduera ahalik eta azkarren eta modu seguruan berreskuratu zedin laguntza lerro bat aktibatu zen.

Irekiera hori osasun baldintza egokietan egin zedila bermatu nahia zuen oinarri. Orduan, 700 euro arteko diru-laguntza eska zezaketen interesdunek higiene eta segurtasun produktuen erosketa finantzatzeko. Herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzaren jarduera gehiena berriro ere aktibatzea lortu den arren, COVID-19-ak sortuta egoera berriak jarduerak moldatu eta ber-asmatzeko beharrizana sortu du kasu askotan. Inbertsio horiek finantzatzeko laguntza lerroa da orain abian duena Udalak.

 

Tasetan hobariak, erosketa bonoak, eta ber-asmatze-laguntzak

Covid-19aren pandemia martxoan gurean ezarri zenetik, Lazkaoko Udalak herritarrak babestu eta ehun ekonomikoa laguntzeko neurri ugari hartu ditu.

Martxoa eta apirilean diru-laguntza ezberdinen gestioa errazteko tramiteak burutu ziren Goiekirekin lankidetzan eta tasa eta zergen kobrantza atzeratu zen.

Maiatzean, berriz, tasetan hobariak onartu ziren itxita egon zirenen saltokientzat: zaborraren 6 hilabete, terrazen kuotaren urte osoa, errotuluak urte osoa, toldoak urte osoa eta uraren zati finkoan urte osoko hobaria. Modu horretan, bataz beste 1.200 eurotik gorako hobariak jaso zituzten herriko ostalaritza establezimenduek. Terrazen azaleraren flexibilizazioa ere onartu zen, aforo neurriak betetze aldera, inolako kostu gehigarririk gabe. Baita ere, establezimenduen irekiera modu seguruan egiteko diru-laguntza, 700 euro arteko laguntzak hain zuzen.

Ekainean jarri zen abian ‘Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?’ kontzientziazio kanpaina eta baita erosketa bonoen lehen sorta, 3.000 bonorekin. Horrez gain, Goierriko Azoka ekimenaren bitartez saltokien digitalizazio aukerak bultzatzeari ekin zitzaion.

Urrian, berriz, erosketa bonoen edizio berri bat jarri zen abian, 2.500 bono berrirekin, maiatzekoaren arrakastari jarraiki.

Eta azaroan, hizpide diren negozioa egoera berrira egokitzeko laguntzei ekin zitzaien, 2000 euro arteko laguntzak.

Udaletik adierazi dutenez, 2021 urtera begira, egoera aztertu eta hartu beharreko neurrien inguruan ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetako ordezkariekin bilerak burutzen jarraituko dute babes neurriei jarraipena egin eta unean-uneko egoerara egokitzeko.

PORTADA Ostalaritza