• Merkataritza bonoen III. edizioa izango da eta apirilaren 12an lehen 1.500 bonoak kaleratuko dira. 30 euroko prezioan 40 euroko eroste-ahalmena izango dute. Baserritar ekoizleen kasuan, 200 bono kaleratuko dira eta Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei egin ahalko zaizkie erosketak. 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskainiko dute.
  • 2021eko Suspertze Planak guztira 300.000 euro inguru mugitzea dago aurreikusia.

Lazkaoko Udalak baserritar ekoizleen bonuak eta merkataritzako kontsumo-bono kanpaina berri bat burutuko du apirilaren 12tik aurrera, Udalak bultzatutako Suspertze Planaren baitan. Lehenak helburu du baserritar ekoizleen produktuak merkaturatu eta mugimendu ekonomikoa sortzea lehen sektorean, eta merkataritzaren kasuan, berriz, herriko saltokietako kontsumoa bultzatzea. Azken honen III. edizioa izango da eta hasiera batean 1.500 bono kaleratuko dira. 30 euroko prezioan 40 euroko eroste-ahalmena izango dute. Herritar bakoitzak gehienez 5 bono erosteko aukera izango du. Guztira 60 saltoki atxiki dira.

Baserritar ekoizleen kasuan, 200 bono kaleratuko dira eta Baserritar Ekoizleen Gidan barneratutako 5 baserritarrei ahalko zaizkie egin erosketak. Apirilaren 12tik azaroaren 30era luzatuko da kanpaina. 20 eurotan erosi eta 35 euroko erosketa ahalmena eskainiko dute eta herritar bakoitzak 5 bonu ahalko ditu eskuratu.

Bi bono motak zenbakituta egongo dira, eta eroslearen NAN-a gordeko da bonu bakoitza saltzean. Lazkaoko udaletxean egongo dira salgai, 8:00etatik 18:00etara, apirilaren 12tik aurrera.

Lazkaoko Udalak 2021ean merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko ‘Suspertze Plana’-ren baitako ekimenak dira biak. Covid-19aren pandemiaren harira 2020ko maiatzean abian jarritako Suspertze Planaren eboluzioa da. Plangintza herriko ostalari, baserritar eta merkatariekin partekatua izan da.

Guztira 300.000 euro inguru mugitzea dago aurreikusia. Laguntzak hiru noranzkotan bideratuko dira: ehun industriala, baserritar ekoizleak, eta herriko merkatari, zerbitzu eta ostalariak.

Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du plangintza asmo-handikoa dela: “egoeraren zailtasunaz kontziente gara, eta badakigu neurri hauek ez dutela batzuen egoera erabat asebeteko. Baina Udalaren eskumen eta baliabideen barnean, neurri oso garrantzitsuak dira. Bonoek oso ondo funtzionatu zuten 2020an eta herritarren erantzuna berbera izatea espero dugu, baita baserritar ekoizleen kasuan ere. Bertako produktua herrira are gehiago gerturatu eta lehen sektorea laguntzea dugu helburu. 2020an 250.000 euro baino gehiago mugiarazi ziren abian jarritako Suspertze Planean. Aurten 300.000 euroko aurreikuspena dugu egina uneko egoerarekin. Beharko balitz, neurri eta pizgarri gehigarriak hartzeko prest gaude Udalean. Herriko ehun ekonomikoaren babesa, gizarte ongizatearekin batera, oinarrizko lehentasuna da Udalarentzat”. 

 

2020ko Suspertze Planak 251.118 euro mugitu zituen

Koronabirusak izandako ondorio ekonomikoak arintzeko helburuarekin, Lazkaoko Udalak Suspertze Plana jarri zuen abian 2020ko maiatzean. Helburu du herriko ehun ekonomikoa eta enplegua babestu, kontsumoa bultzatu, eta pandemia ondorengo normaltasun berriaren aurrean sustapen neurriak bultzatzea.

Hori oinarri, hiru laguntza lerro nagusi hartu zituen bere baitan Suspertze Planak: tasetan hobariak, diru-laguntzak inbertsioak laguntzeko, eta kontsumoa bultzatzeko neurriak.

Ostalaritza, merkataritza eta zerbitzuetan ezarritako tasen hobarietan 2020an 37.568 euroko inbertsioa burutu zuen Udalak.

Horrez gain, Covid-19aren aurrean osasun neurriak bete zein egoera berrira egokitzeko inbertsioetan 35.500 euro bideratu ziren laguntzetan. Negozio berriak irekitzeko laguntzetan 5.050€.

Eta azkenik, kontsumoa bultzatzeko sustapen neurriek, hala nola, kontsumo bonoak eta sentsibilizazio kanpainak, 173.000€ mugitu zituzten.

 

Bonoak