• Obren lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 169.739,66 eurokoa da, eta lanak urteko bigarren seihilekoaren hasieran egitea eta hiru hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.
  • Urbanizazio lanak auzoko 1, 2, 6 eta 7 atarien eremuan egingo dira eta aurrera eramango diren lanen artean espaloiak, lurzorua eta azpiegiturak hobetzea aurreikusten da.
  • Helburua da auzoan kalitatezko azpiegitura eguneratu eta egokiak izatea eta, aldi berean, bertako mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea, oinezkoei lehentasuna emanez.

Lazkaoko Udalak urratsak ematen jarraitzen du Mikelar auzoaren urbanizazio-proiektuan, eta oraingoan, pauso bat gehiago emanez, obren lizitazio-prozesua jarri du martxan.

Udalerriko mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu eta herritarrei kalitatezko azpiegiturak eskaintzearen aldeko apustuan, auzoko urbanizazio lanak datozen hilabeteotan burutu nahi ditu Udalak, bertako auzotarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetzeko.


Zehazki, urteko bigarren seihilekoan egitea aurreikusten du, hiru hilabeteko iraupenarekin. Edozein kasutan, obrak hasi aurreko urrats gisa, lanak lizitatzeko prozesua ireki du, 169.739,66 euroko oinarrizko aurrekontuarekin.

Mikelar auzoko obrek, beraz, hobekuntzak aurreikusten dituzte mugikortasunean eta irisgarritasunean, baita azpiegituretan ere. Hain zuzen espaloiak, lurzorua eta azpiegiturak hobetuko dira auzoko 1, 2, 6 eta 7 atarietako eremuan.

Horretarako, espaloiak 2 metroko zabaleraraino zabalduko dira, eta egungo ur-hornidurako, saneamenduko eta argiteriako azpiegiturak ordeztuko dira. Izan ere, azken kasu horretan, gaur egun saneamendu-sare bakarra bat dago, euri urak eta ur zikinak bereizten ez dituena, alegia. Horrez gain, uraren hornidura-sarea eta saneamendu-sarea ere aldatu egin behar dira.

Gauzak horrela, euri-uren eta ur zikinen saneamendu-sarean kaltetuta dauden hodiak aldatuko dira eta ur-hornidura sarea berrituko da. Gainerako azpiegiturak berdin mantenduko dira, berrituta eta egoera onean baitaude. Horrez gain, etxebizitzen artean bistan dauden kableak lurperatu egingo dira.

Lan horien bitartez auzoko azpiegiturak eta irisgarritasuna hobetzeaz haratago, helburua da auzoko bizilagunen eta, oro har, herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea, horretarako, kalitatezko azpiegitura eta espazio publikoak atseginak eta irisgarriak eskainiz.

 

Mikelar 2