• Obren oinarrizko aurrekontua 169.935,12 eurokoa da, eta lanak udan egitea eta bi hilabeteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak.
  • Lan horien bitartez, San Benito ikastolaren San Prudentzio eraikina eta Haurreskolaren aurrean dagoen kalea berrituko da, eremua irisgarriagoa egiteko.

Herriko zein herritarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzea eta bermatzea ardatz hartuta, Lazkaoko Udalak, herriko puntu edota auzo desberdinetan egindako lanei jarraipena emanez, lizitaziora atera berri ditu udaletxe atzeko bidea urbanizatzeko lanak.

Aipatu bidea udaletxeko iparraldeko fatxadan kokatzen da, hain zuzen San Benito ikastolaren San Prudentzio eraikina eta Haurreskolaren aurrean. Gaur egun bi noranzko dituen kalea da, Elosegi kaleko zubitik Euskadi Enparantzara joateko. Ikastola eta haurreskola bertan egonik, oinezkoen joan-etorri handia duen kalea da, baina egun galtzada ez dago egoera onean eta horrek herritarrek mugikortasuna zein irisgarritasuna oztopatu eta zailtzen ditu.

Egoera horren aurrean, Lazkaoko Udalak kalea berritu eta urbanizatzeko proiektua landu du eta une honetan lizitazio prozesuan dago, 169.935,12 euroko oinarrizko aurrekontuarekin (BEZ kanpo). Asmoa da lanak datozen asteotan esleitzea eta urbanizazio lanak uda sasoian burutzea, ikastola zein haurreskola itxita egongo direla aprobetxatuz. Obrak bi hilabetetan amaituta izatea aurreikusi du Udalak.

Horrela, egingo diren lanen artean, kale osoko galtzada berritu eta altxatu egingo da, egungo espaloien arrasean gera dadin eta udaletxeko iparraldeko fatxadako espaloia ere guztiz berrituko da. Horrekin batera euri uren saneamendu sarea berrituko da.

Lan horien bitartez helburua da Lazkao zein lazkaotarren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzen jarraitzea eta horrela kalitatezko azpiegitura eta espazio publikoak atsegin zein irisgarriak eskaintzea.

 

Udal atzea