Uda sasoia gero eta gertuago dugun honetan, Lazkaoko Udala hasia da jada udako programa ezberdinak lantzen, betiere helburu nagusia izanik herritarrei Lazkaon bertan egin ahal izateko plan, ekintza eta aukera desberdinak eskaintzea, udaldian ere, herria bizi-bizian mantentzeko.

Kultur eskaintzaren baitan, sormen tailerra eta robotika tailerra egongo dira aukeran. Eta hain zuzen, izen-emate epea luzatu da ekainaren 11a bitarte. Izen ematea Udalean burutu behar dira edota online, esteka honetan: https://forms.gle/gCzopqA7V37h9vVD7.

Sormen tailerrean, baliabide plastikoen bitartez (marrazketa, collage-ak…), emozioak eta sentimenduak hobeto ezagutzea du helburu, irudimena eta sormena, gizabanakoaren emozioak eta nortasuna kudeatzeko tresna gisa. Tailer hau ekainaren 21etik uztailaren 9ra bitartean eskainiko zaie 9-14 urte bitarteko gazteei, bi ordutegi eta adin taldetan banatuta: 16:30-18:00 bitartean 9-11 urte bitartekoak eta 18:00-19:30 bitartean 11-14 urtekoak.

Bigarren tailerra, robotika tailerra, alegia, 7-14 urteko haurrei eskainiko zaie, bi adin taldetan banatuta eta ikastaroak, guztira, bost asteko iraupena izango du. Lehen bi asteetan, 7-9 urte bitartekoei zuzenduriko saioak egingo dira, non, txikienek, LEGO WEDO 2.0 edo OZOBOT robotika hastapenak jasoko dituzten. 3, 4 eta 5. asteko saioak, halaber, 10-14 urte bitarteko haurrei zuzendurik egongo dira eta hauek, besteak beste, Microsoft MakeCode plataformaren bidez, 2Dko jokoak sortu eta Kitronik makina fisiko batean probatzeko aukera izango dute, baita FREADUINO, Robotika hastapen saioa jasotzekoa ere, Arduinon oinarritutako plakak erabiliz. Azken saioa heldu batez lagunduta egingo da.

Lazkao uda kultura