• Ekintza bakarra eten da, piraguismoa, begirale batek Covid-19an positibo eman ostean. Gainerako ekintzak aurreikusi moduan garatu dira.

Pasa den ostiralean, uztailak 23, eman zitzaion amaiera Lazkaoko Udako Aisialdi Zerbitzuari eta datozen egunetan, pixkanaka, amaitzen joango dira kirol ikastaroak. Inoiz baino haur eta gaztetxo gehiagok hartu dute parte aurten: aisialdi zerbitzuan guztira 198 neska-mutil eta kirol ikastaroetan, berriz, 664 gaztetxo.

15 ikastaro eta zerbitzuz osatutako eskaintza egon da abian: aisialdi zerbitzua (198 parte-hartzaile), kirolanitzeko jarduera (271), piraguismoa (76), futbol jarduna (70), igeriketa (65), kirol dantza (39), tenisa (32), irristaketa (13), pilota (13), gimnasia erritmikoa (12), mendiko txirrindularitza (12), triatloia (7), haurtxoen igeriketa (8), Bodytrainig gazte (25), eta ziklo indoor gazte (21).

Lazkaoko Udalak “positiboki” baloratu du udako eskaintzaren garapena: “Normaltasunez garatu dira Lazkaoko Udako Aisialdi Zerbitzua eta kirol ikastaroak. Ekintza bakarra eten da, piraguismoa, begirale batek Covid-19an positibo eman ostean. Gainerako ekintzak aurreikusi moduan garatu dira. Udaletik segurtasun eta prebentzio neurri oro betetzeko protokoloa osatu zen, talde txikietan batuz parte-hartzaileak, burbuilak sortuz, eta higiene neurri oro bermatuz. Emaitza ona izan da, eta jada ikasturte berriko eskaintza lantzen ari gara. Covid-19aren aurrean errespetuz jardun behar dugu, neurri oro betez, baina aurrera begira”.

Aisialdia