• Zerga-tasen eta tasen igoera abuztuko KPIa kontuan izanda egin da. Kepa Zubiarrain alkateak azaldu duenez, “KPIaren gorakada ikusita eta datu ekonomikoen aurreikuspena ona izanda, uste dugu momentua dela tasen igoera proposatzeko, betiere zuhurtziaz”. Erabakia behin-behinekoa da, orain 30 egunez egongo baita jendaurrean.

Lazkaoko Udalak ordenantza fiskalak eta taxi tarifak 2022an igotzea onartu du  iraileko Osoko Bilkuran. Osoko Bilkurak onartu egin ditu, behin-behinean, 2022rako ordenantza fiskalak. Oro har, zerga-tasen eta tasen igoera % 3,3koa izatea onartu da, abuztuko KPIak jasotzen zuen bezala. Aldaketa horiek 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera izango dute eragina.

Erabakia jendaurrean jarriko da 30 egunez, lazkaotarrek erreklamazioak edo oharrak egin ahal izan ditzaten. Behin epea gaindituta, eta inolako eragozpenik ez balego, erabakia behin betikoa izango litzateke.

Udalbatzak ere tarifa berria onartu du auto-taxi zerbitzurako: Gipuzkoako Taxi Elkarteak proposatutako igoera kontuan hartuta, 2022rako igoera % 3,3koa izango da.

Eneritz Miranda Ogasun zinegotziak azaldu bezala, KPIaren hazkundea ez da puntuala izan: “azken hilabeteetan goranzko joeran doa eta egoera ekonomikoa gero eta hobean aurkitzen gara, hazkunde garaian. Lazkaoko Udalak pandemia garaian herritarrak babesteko esfortzu handia egin du, baita zerga politikan ere, eta orain, KPIaren gorakada ikusita, eta datu ekonomikoen aurreikuspena ona izanda, uste dugu momentua dela  tasen igoera orekatu eta jasangarria proposatzeko”.

Kepa Zubiarrain: “zergak dira aberastasunaren banaketarako baliabiderik eraginkorrena: gehien duenak gehiago ordaintzeak ahalbidetzen du diru horretaz baliatu ahal izatea, gutxiago duenari aukerak emateko”.

Aurtengo ordenantza fiskaletan hainbat hobari mantendu direla ere azaldu du Zubiarrainek, Osoko Bilkuran: “adibidez; familia ugarientzako baldintzak hobetu dira, merkataritza eta baserri ustiapenentzako hobariak, ibilgailu elektriko, hibrido eta historikoetan ere, eguzki plaken ezarpenean, edota euskararen sustapenerako jardueretan”.

Alkatearen iritziz, “kontuan izan behar dugu zerga eta tasen bitartez ere finantzatzen direla lazkaotarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak, herriaren garapena edota ezkutu soziala indartzea. Hobariak ere horretarako daude: behar duten herritarrak babestu eta erraztasunak emateko, eta aldi berean gizarte euskaldunago, berdinzaleago, sozialago eta jasangarriago bat eraikitzeko”.

IMG 2677 Kopia