• Ikusiko diren lanak gaurko egungo euskal zinemagintzaren ispilu izango dira, eta guztiak euskara hutsean.
  • Euskal Herri osotik egingo da bira otsailaren 25etik apirilaren 4ra arte; tartean, Lazkaon egingo du geldialdia.

Laburbira euskarazko film laburren zirkuitoko bederatzi pelikula eskainiko dira datorren martxoaren 1ean, asteartean, Areriako Kulturgunean. Aurtengoa XIX. zirkuitoa izango da, eta urtero bezala, Euskal Herri osoan ekoitzitako film laburren sorta izango da. Emanaldia 18:45ean hasiko da, eta sarrera bakoitzak 2 euroko kostua izango du.

Edizio honetarako deialdia pasa den urtean ireki zen, eta epaimahaiak dagoeneko aukeratu ditu ze lan izango diren aurtengo zirkuitoaren parte. Honako hauek dira:

  • Iban del Camporen ‘Serendipia’.
  • Alba Romeraren eta Rony Levozen ‘Itsasoaren mugimendua’.
  • Paula Iglesiasen ‘Lanbroa’.
  • Jose Luiz Lopezen ‘Falta zaizuna’.
  • Naia Aizpurua Garroren ‘Hurrengo geltokia’.
  • Amaia San Sebastianen ‘Rewind’.
  • Aitor Alberdiren ‘Turnoka’.
  • Josu Martinezen ‘Subandilla’.
  • Sergio Martinez Villarren ‘Itsaso’.

Edizio berri honen zirkuitoa otsailaren 25ean abiatuko da, eta Euskal Herrian zehar ibiliko da apirilaren 4ra arte. Laburbiraren helburuak dira euskarazko sortzaileen lana ezagutaraztea, euskaraz ekoizten jarraitu dezaten aukera zabalduz, eta ikusleei lurraldean sortutako lanez gozaraztea. Zirkuitoa ibiltaria da, eta horregatik edozein Udalek eska dezake proiekzioak, Lazkaok eta beste 29 herrik egin duten bezala aurten.

Iazko edizioan zortzi film labur izan ziren aukeratutakoak, eta guztira 29 herrietan ikusteko aukera egon zen.

PORTADA Laburbira portada