• Ohiko diru-laguntzez gain, ‘Ticketbai’ fakturazio sistema berrian aplikazioa euskaraz jartzeagatik laguntza emango du, eta baita ‘Goierriko Azoka’ plataforman parte hartzeagatik ere.

Lazkaoko Udalak merkataritzaren, zerbitzuen eta ostalaritzaren sustapenerako 2022ko diru-laguntza katalogoa eman du ezagutara. Bi berrikuntza daude aurreko urteekin alderatuz: batetik, euskararen sustapenaren helburuarekin, ‘Ticketbai’ fakturazio sistema berrian aplikazioa euskaraz jartzeagatik laguntza, eta bestetik, digitalizazioaren sustapenaren helburuarekin, ‘Goierriko Azoka’ plataforman parte hartzeagatik diru-laguntza.

Diru-laguntza hauen helburua Lazkaoko merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza sustatu eta laguntzea dela nabarmendu dute udal ordezkariek: “hainbat alorretan dihardugu lanean, oinarri izanik udal zerga zama txikitzea, alor ekonomiko hauetan euskara bultzatzea, digitalizazioan sakontzea eta irisgarritasuna sustatzea. Gure hiri ekonomia garai berrietara egokitzen lagundu nahi dugu, beraien biziraupena bermatu modernizazioaren eta merkatu aukera berriak eskainiz, eta herriaren bizitasuna eta enplegu aukerak mantendu. Kate bat da guztia eta kontsumitzaileak, merkatari, ostalari zein profesionalak eta administrazioa inplikazioa behar dugu”.

Laguntza guztien zenbatekoak ondorengoak izango dira 2022an:

  • Irekitze berria izateagatik zenbateko finkoa: 500 euro.
  • Lokalak egokitzeagatik zenbateko aldakorra, justifikatutako gastuen % 20, betiere 1.250 euroko guztirako mugarekin. Gastu hauen justifikaziorako dagozkion fakturak aurkeztu beharko dira eta ordainduta daudela egiaztatu.
  • Gastua euskaraz errotulatzera bideratuta badago edota jada dagoen errotulazioaren euskaratzera, lan honi zehazki dagokion gastuaren laguntza % 80koa izango da, betiere 500 euroko guztirako mugareki.
  • ‘Ticketbai’ fakturazio sisteman euskarazko softwarea jartzeagatik zenbateko finkoa: 250,00 euro.
  • Goierriko Azoka bidez merkaturatze digitalera bideratutako gastuaren %80, 160 euroko guztirako mugarekin.

Diru-laguntza lerro hauen eskaera epealdia 2022ko abenduaren 30 artekoa izango da eta 2022ko urtarrilaren 1etik izandako gastuen laguntza eskatu ahal izango da.

argazki ona