• Pasa den apirilaren 4an zabaldu zen 2021eko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik. 
  • Azken 11 urteetan, 2009tik 2020ra,Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituzjoan da: Ordizian %8,29tik %21,78ra igo da, Beasainen %8,37tik %20,89ra eta Lazkaon %15,52tik %30,52ra.

Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko ‘Errenta Aitorpena euskaraz, Ogasunarekin euskaraz!’ kanpaina antolatu dute hamabigarrenez Beasaingo, Ordiziako, eta Lazkaoko Udalek elkarlanean. 

Pasa den apirilaren 4an zabaldu zen 2021eko errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik. 

Kepa Zubiarrain Lazkaoko alkateak, Leire Artola Beasaingo alkateak eta Maitane Alvarez Ordiziako Udaleko alkateordeak eskaini dituzte xehetasunak Lazkaoko Udalean eskainitako prentsa agerraldian. 

2010az geroztik egiten den kanpaina da eta azken urteotan bezala, kanpainaren helburua da euskaraz egiten diren errenta aitorpen kopurua handitzea eta horretarako herritarrei jarraibideak eskaintzea. 

Kanpainako datei dagokienez, hauexek dira aurtengoak:

  • Apirilaren 4tik ekainaren 30era herritarrek autolikidazio proposamenak jaso eta onartzeko aukera izango dute.
  • Errenta aitorpena internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek ekainaren 30era arteko epea izango dute horretarako.
  • Errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea apirilaren 12an hasi eta ekainaren 8an amaituko da.

Errenta aitorpena egiteko 3 bide

Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:

  • Auto-likidazio proposamena. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
  • Hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke. 
  • Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. 

Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua gora

 Azken 11 urteetan, 2009tik 2020ra,  Ordizian, Beasainen eta Lazkaon euskaraz egin diren errenta aitorpenen ehunekoa handituz  joan da: Ordizian %8,29tik %21,78ra igo da, Beasainen %8,37tik %20,89ra eta Lazkaon %15,52tik %30,52ra.

“Aukera badugu euskaraz jarduteko, baita errenta aitorpenean ere, eta orain arte, inertziaz edo ohitura faltagatik gazteleraz egin badugu ere, era oso errazean gure hizkuntzan egin dezakegu. Hori ikusarazi eta errazteko kanpaina da hau, gure hizkuntzaren erabilera sustatzekoa. Beraz, euskararen aldeko aukeraz baliatzera gonbidatu nahi ditugu goierritarrak, errenta aitorpena euskaraz eginez, euskarari ere aitorpena egiten diotelako” adierazi dute hiru ordezkariek. 

lazkao prentsaurrekoa 3