Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeko ordezkariek bisita ofiziala egin dute Lazkaoko alkate Kepa Zubiarrainekin batera Lazkaoko Beneditarren Fundaziora. Bisitan, agintariek aukera izan zuten fundazioak egiten duen lana gertutik ezagutzeko, instalazioak arakatzeko eta Euskadiko historia hurbila ezagutzeko funtsek duten garrantzia baloratzeko.

Lazkaoko Beneditarren Monasterioaren ondoan dago fundazioa, eta Lazkaoko Beneditarren Funtsa delakoa zaindu, handitu eta garatzea du helburu. Bilduma bakarra da, eta Euskal Herriak azken 40 urteotan izan dituen eraldaketa sozial, politiko eta kulturalak dokumentatzen ditu. Ondare baliotsu honek hemeroteka bat, artxiboak, dokumentu-bildumak eta euskal gaien inguruko kartel eta pegatinen bilduma nabarmena biltzen ditu.

Ibilbidean zehar, Fundazioak euskal historia eta kulturan interesa duten ikertzaile, akademiko eta herritarrentzako erreferente gisa duen garrantzia azpimarratu zuten erakundeetako ordezkariek. Era berean, fundazioak egiten dituen zabalkunde eta kontserbazio ekimenak babestu zituzten.

2011n sortu zen, Lazkaoko Beneditarren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lazkaoko Udalaren arteko elkarlanaren ondorioz. Harrezkero, Euskadiko kultura eta historia aztertzeko erreferentziazko zentro gisa finkatu da, eta bere funts dokumentala gizartearen zerbitzura jarri du.