- Ingurune osasungarriagoak, hezitzaileagoak eta inklusiboagoak sustatzeko helburuarekin, Lazkaoko Udalak jarrera eredugarrien dekalogo bat aurkeztu du, errespetua, gozamena eta elkarbizitza sustatzen dituena haur eta gazteentzako kirol jardueretan.
- Herriko kirol eta hezkuntza-erakundeekin partekatutako hausnarketa baten emaitza den tresna honek, haurren eta gazteen garapen pertsonala, emozionala eta soziala bultzatzen duten onura giltzarriak jasotzen ditu, kirol praktika hezitzaile baten bidez.
Lazkaoko Udalak, udalerriko kirol erakundeekin, San Benito Ikastolarekin eta eskola-kiroleko eragileekin lankidetzan, portaera egokiak sustatzeko dekalogo bat garatu du kirolaren eremuan. Ekimen hau Kirol Batzordearen baitan egindako baterako hausnarketa baten emaitza da, haur eta gazteen kirol jardueren inguruan gero eta ohikoagoak diren jarrera desegokiei erantzun egokia emateko helburuarekin.
Proiektuaren helburu nagusia haurrek eta gazteek kirol esperientzia osasungarri, hezitzaile eta eredugarria izatea da. Horretarako, “Kirolean ari naizenean, AITA, AMA, IKUSLE... utz nazazu gozatzen” lelopean, dekalogo bat landu da, kirolariei, entrenatzaileei, kirol arduradunei, familiei eta ikusleei zuzendua.
Dekalogoaren oinarrian errespetua dago, eta puntu horretatik abiatuta, ingurune osasuntsu, inklusibo eta hezigarri bat eraikitzea du helburu, bai jokalekuan eta bai harmailetan. Balio horiek ardatz hartuta, dekalogoak ondoko printzipioak jasotzen ditu:
- Jarrera eredugarria izatea, kirol guneetan zein harmailetan.
- Gogoratzea kirola gozatzeko jarduera dela; utzi kirolariei gozatzen.
- Joko garbia txalotzea eta animatzea, irainik gabe.
- Zintzo eta garbi jokatzea, kirolaren arauak errespetatuz.
- Beti errespetuz jokatu aurkariekin, epaileekin, entrenatzaileekin eta ikusleekin.
- Guztiak garela beharrezkoak onartzea; ez dago ez titularrik, ez ordezkorik.
- Enpatia landu eta jarrera berdinzale eta arrazakeriarik gabea izatea: ni eta zu gara gu.
- Kirola euskaraz egitea eta euskara kirolean biziberritzea.
- Dekalogoa bete eta betearaztea kirol espazio guztietan.
Ekimen honi babesa eta atxikimendua eman diote Lazkaoko kirol erakunde nagusiek, besteak beste Lazkao Kirol Elkartea, Goierri Gorri Futbol Kluba, Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkartea, San Benito Ikastola, Kirol Batzordeko ordezkariak eta Lazkaoko Udala bera.
Dekalogoa zabaltzeko eta herritarren artean sentsibilizazioa sustatzeko, panel informatiboak jarriko dira udalerriko lau kirol gune esanguratsutan: Joxemiel Barandiaran Kiroldegian, Harizti Haundi kirol eremuan, San Benito Ikastolako gune estalian eta Gurutzeko kirol gunean.
Azkenik, Lazkaoko Udalak dei egiten die herritar guztiei konpromiso kolektibo honekin bat egin dezaten, kirola, lehiatik harago, balioetan oinarritutako hezkuntza eta elkarbizitzarako tresna gisa sustatzeko konbentzimendu osoz.