- 174.354,23 euroko aurrekontuarekin (gehi BEZa) eta hiru hilabeteko exekuzio-epearekin, meandroan oinezkoentzako bide berriaren obrak oztopo arkitektonikoak ezabatuko ditu, irisgarritasuna hobetuko du eta kirola eta aisialdia egiteko ekipamendu berriak instalatzea ahalbidetuko du.
Lazkaoko Udalak, meandro inguruan oinezkoentzako bide irisgarriaren obrak abian jarri ditu, hirigintzako esku-hartze estrategiko gisa, espazio natural honen irisgarritasuna eta udalerriko gainerako eremuekiko lotura hobetzeko.
Proiektuaren helburu nagusia bertako oztopo arkitektonikoak kentzea da, batez ere GI-2120 errepidearen azpiko eskailerak, eta meandroaren zelaia ibilbide eroso eta inklusibo batekin inguratzea, pertsona guztien beharrizanetara egokituta. Lanak landaredia eta ingurune naturala errespetatuz egingo dira, meandroa espazio publiko gisa modu zabalagoan eta askotarikoagoan erabiltzeko aukera emanez.
Obrak Construcciones Iturrioz S.A. enpresari esleitu zaizkio, hiru hilabeteko exekuzio-epearekin, eta lanak irailetik abendura bitartean egingo dira. Proiektuaren aurrekontua 174.354,23 eurokoa da (gehi BEZa).
Esku-hartze horrek Lazkaoko eremu adierazgarri baten irisgarritasuna hobetzea ez ezik, hiri espazioa bere ingurune naturarekin integratzea ere ekarriko du, mugikortasun eta aisialdi eredu osasungarri eta jasangarriago bat sustatuz.