- Asteazkenerako egitarauak Ikastolak antolatutako kalejira bat, plazan egingo den ekitaldi nagusi bat trikitilariekin eta dantzekin, eta arratsaldean, 17:00etan, Kantaldia eta erromeria bat Lazkao Txiki Musika Eskolaren, Maizpide euskaltegiaren eta Oin Arin Dantza Taldearen eskutik barne hartzen ditu; plazan musika, dantza tradizionalak eta euskarazko jai giroa sortuz.
Azaroaren 28ko ostiraletik, Lazkaok aste berezi bat ospatzen ari da Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Aste honetan, aisialdia, kultura eta herritarren parte-hartzea uztartu dira, euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin, adin guztietako herritarrei zuzendutako jardueren bidez. Ikastolaren kantujira-tik hasi eta haur-jolasak, erraldoiak eta buruhandiak edota Supercharlie filma bezalako proposamenak izan dira egunero, publiko guztientzat egokiak.
Bihar, abenduaren 2an, asteartea, umorea izango da protagonista: 19:30ean, bakarrizketen saioa eskainiko da Arerian, euskaraz.
Abenduaren 3an, asteazkena, Euskararen Nazioarteko Eguna: proposamenz beteriko jardunaldia
Goiza 10:00etan hasiko da Ikastolak antolatutako kalejira batekin, herriko kaleetan zehar ibiliko dena eta plazan amaituko den ekitaldi nagusiarekin. Bertan, LTMEko trikilariek eta Oin Arin Dantza Taldeko dantzariek emanaldi bateratua eskainiko dute, euskararen inguruko giroa sortuz eta herritarrek elkarrekin gozatzeko aukera emanez.
Arratsaldean, 17:00etan, berriro ere musika eta dantza izango dira plazako protagonistak: Kantaldia eta erromeria ospatuko dira, Lazkao Txiki Musika Eskolak antolatuta, eta Oin Arin Dantza Taldea eta Maizpide euskaltegiaren partaidetzarekin. Euskaraz abestu, dantzatu eta elkarrekin gozatzeko unea izango da, auzokideen arteko harremanak sendotzeko helburuarekin.
Lazkaoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu ekitaldi hauetan parte hartzera eta euskara egunerokotasunean erabiliz bizirik mantentzen jarraitzera.
Gau eta egun, Euskara lagun!
