• Enpresa-zentroak hiru bulego eta bilera-gela bat ditu, guztiz hornituta. Udalak 112.401,03 € gehi BEZa inbertitu ditu egokitzapenean. Goiekik zentroa kudeatuko du eta ekintzaileei laguntza emango die, Goierri eta Lazkaori balioa emango dieten enpresen sorrera sustatuz.
  • GOIEKIk kudeatutako esleipen publikoko prozesu baten bidez esleituko dira lokalak. Interesdunek beren enpresa-proiektuak aurkeztu beharko dituzte. Laster xehetasun gehiago emango dira proposamenak noiz eta nola aurkeztu behar diren jakiteko.

Lazkaoko Udalak eta Goierriko Eskualdeko Garapen Agentziak (GOIEKI) lankidetza hitzarmena sinatu dute herrian ekintzailetza eta garapen ekonomikoa bultzatzeko helburuarekin. Gaur, abenduak 10, Kepa Zubiarrain alkatearen eta Adur Ezenarro Goiekiko presidentearen artean formalizatutako akordio honen helburua da enpresa ekimen berriak sortzea, bereziki berritzaileak direnak eta zerbitzu aurreratuetara bideratuta daudenak, Lazkaorako zein Goierri eskualderako balioa sortzeko.

Horretarako, Lazkaoko Udalak enpresa zentro bat jarriko du GOIEKIren esku Hirigoien kaleko 56-58an, hiru bulegoz eta bilera gela batez osatua. Udalak 112.401,03 € gehi BEZa inbertitu du lokalak egokitzeko. Gune hori ekintzaileentzat eta enpresa-ekimen berrientzat da, eta bere funtzionamendurako behar dituen zerbitzuak ditu, hala nola altzariak, interneterako konexioa, ura, elektrizitatea, telefonoa eta berokuntza. Gainera, zentroak funtzionatzeko beharrezkoak diren espazio komunak izango ditu, hala nola lanerako eta lankidetzarako eremuak.

Bestalde, GOIEKI, eskualdeko garapen ekonomikoaz arduratzen den erakundea den heinean, zentroaren kudeaketaren arduraduna izango da, eta instalazioak erabiltzen dituzten ekintzaileei laguntza emango die, Goierriri eta Lazkaori balio erantsia emango dieten enpresen sorrera sustatuz.

Hasieran lau urteko iraupenarekin, hitzarmen honek garapen ekonomikorako motorra izan nahi du Lazkaorentzat, eskualdean enplegua sortzen eta enpresa berriak hazten lagunduz.

Kepa Zubiarrain pozik agertu da GOIEKIrekin sinatutako lankidetza hitzarmenarekin, eta nabarmendu duenez, "akordio honek, berrikuntzarekin eta ekintzailetzarekin dugun konpromisoa indartzeaz gain, mugarri garrantzitsua da Lazkao Goierriko garapen ekonomikoan erreferente gisa sendotzeko. Hitzarmen horri esker, beste urrats bat eman dugu enpresa-ekosistema dinamiko bat sortzeko, tokiko ekintzaileen eta erakundeen arteko lankidetza erraztuko duena, enplegua sortuko duten eta udalerriko sare ekonomikoa indartuko duten enpresa-ekimen berriak sortzen lagunduz. Ekintza honekin, Udalak ekintzaileei ematen dien babesa eta lazkaotar guztientzako etorkizun oparoago baten aldeko apustua berresten du".

GOIEKIk kudeatutako esleipen publikoko prozesu baten bidez esleituko dira lokalak. Interesdunek beren enpresa proiektuak aurkeztu beharko dituzte, bideragarritasun ekonomikoa, berrikuntza, Lazkaorako eragin sozial eta ekonomikoa eta enplegu sorrera bezalako irizpideen arabera ebaluatuak izango direnak. Laster xehetasun gehiago emango dira proposamenak noiz eta nola aurkeztu behar diren jakiteko.


 Lankidetza hitzarmena 1

 

Lankidetza hitzarmena 2