Lazkaoko Udalak Harizti Handiko harmailetan urtarrilaren 11n, igandean, Lazkao Kirol Elkarteak eta Ikasberri K.E.k jokatutako partidan entzun ziren komentario iraingarriak eta irain arrazistak gaitzetsi ditu.
Jokabide horiek erabat onartezinak dira, eta ez dute lekurik ez kirolean ez gizartean. Lazkaoko Udalak defendatzen eta sustatzen dituen balioak urratzen dituzte: errespetua, inklusioa, hezkuntza eta bizikidetza.
Udalak bere egiten ditu Lazkao Kirol Elkarteak adierazitako hitzak, zeinarekin udalerrian edozein diskriminazio mota desagerrarazteko konpromisoa partekatzen duen. Era berean, Ikasberri K.E.ri eta eragindako jokalariei barkamena eskatu die berriro, eta berretsi du horrelako gertaerak publikoki, argi eta irmo baztertu behar direla.
Erakunde gisa, Udalak erabakitasunez eta modu koordinatuan jokatzeko erantzukizuna hartzen du bere gain, horrelako egoerak berriro gerta ez daitezen. Ildo horretan, Lazkao Kirol Elkartearekin batera lanean ari da jada, kirol esparruan errespetuaren eta bizikidetzaren inguruko sentsibilizazioa eta prebentzioa indartuko duten ekintza zehatzak bultzatzeko.
Udalak gogorarazi du animatzeak ezin duela inoiz iraindu, umiliatu edo diskriminatu, eta zaleei, familiei eta herritarrei dei egin die konponbidearen parte aktibo izan daitezen. Lazkaon, arrazakeriaren eta edozein irain motaren aurrean zero tolerantzia printzipio irmoa da. Isiltasunak edo konplizitateak ere min egiten dute.
