• Udalak martxan jarritako parte-hartze prozesuan 1.136 lazkaotarrek parte hartu dute, eta Lazkaoko Ikastolaren hautagaitzak botoen % 60 lortu ditu.

Lazkaoko Ikastolak jaurtiko du 2026ko San Prudentzio jaiei hasiera emango dien txupina. Lazkaoko Ikastola – Kilometroak hautagaitza izan da bozkatuena Udalak bultzatutako parte-hartze prozesuan, botoen %60 eskuratuz.

Guztira, 1.136 pertsonak parte hartu dute otsailaren 16tik martxoaren 2ra egindako bozketan. 16 urtetik gorako Lazkaon erroldatutako herritarrek lau hautagaitza finalisten artean aukeratu ahal izan dute: Lazkaoko Ikastola – Kilometroak, Zawopi Elkartea, Alex y las Beyoncé, eta Lazkaoko Odol Emaileak Elkartea, guztiak udalerriari egindako ekarpenagatik nabarmendu zirenak. 

Aukeraketa, gainera, Lazkaorako une berezi batean dator. Aurten urriaren 4an egingo den Kilometroak jaia herrian ospatuko da. Hitzorduak, gainera, esanahi berezia du, 50 urte bete baitira aurten Kilometroak Lazkao eta Beasain artean ospatu zenetik. Aurtengo ediziorako aukeratutako leloa ‘Ibilian-ibilian, buelta! 'da.

Lazkaoko Udalak herritar guztien parte-hartzea eskertu du eta noski, Lazkaoko Ikastola zoriondu. 


 Lazkaoko Ikastola txupina