- Lazkaon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek ekainaren 30era bitarte aurkeztu ditzakete udal-eskumenekoak, teknikoki bideragarriak eta interes orokorrera bideratutakoak diren proposamenak, bai udaletxean bertan, bai esteka honetan eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20271.
Lazkaoko Udalak hirugarren aldiz jarriko du martxan aurrekontu parte-hartzaileen prozesua, herritarrei 2027ko udal aurrekontuko inbertsio-partidako 100.000 euro zertara bideratuko diren erabakitzeko aukera emango dien ekimena. Prozesu horren bidez, herritarrek aukera izango dute udalerria hobetzeko proposamenak aurkezteko eta gauzatuko diren proiektuak aukeratzeko prozesuan zuzenean parte hartzeko, etorkizuneko Lazkaoren eraikuntzan duten inplikazioa sustatuz.
Ekimena bi fasetan garatuko da. Lehenik eta behin, proposamenak aurkezteko epea irekiko da, eta tarte horretan herritarrek udalerriarentzat onuragarriak izan daitezkeen ideiak helarazi ahal izango dituzte. Epea ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik. Ondoren, jasotako proposamenak aztertu eta baliozkotu ondoren, onartutako proposamenak aukeratzeko fasea egingo da, irailaren 14tik 26ra bitartean. Egun horietan, lazkaotarrek baliozkotutako proiektuen artean zeintzuk gauzatu nahi dituzten aukeratuko dituzte, prozesu honetarako gordetako aurrekontu-partidaren bidez.
Aurkeztutako proposamenek hainbat irizpide bete beharko dituzte. Zehazki, udal-eskumenekoak izan beharko dute, inbertsioen partidaren bidez finantzatzeko modukoak eta teknikoki bideragarriak. Era berean, interes orokorrari begirakoak izan beharko dute, eta Lazkaoko herritar guztien ongizatea lehenetsi beharko dute, interes partikularren gainetik.
Lazkaon erroldatuta dauden 16 urtetik gorako pertsonek ekainaren 30era bitarte aurkeztu ditzakete proposamenak, bai udaletxean bertan, bai esteka honetan eskuragarri dagoen formularioaren bidez: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20271.
Lazkaoko Udalak herritarrei prozesu honetan parte hartzera eta udalerriaren hobekuntzan zein ongizate kolektiboan lagunduko duten proposamenak aurkeztera dei egin die.
