- Zinegoak film laburren saioak ekainaren 17an izango dira, 19:00etan, Arerian, eta LGTBI+ kolektiboaren hainbat esperientzia eta errealitatea adieratzen dituzten sei istorio proiektatuko dira.
- Bestalde, LGTBI+ Points Sareak LGTBI+ pertsonentzako espazio seguruen sarea zabaldu nahi du Euskal Herrian. Helburu horrekin, ekainaren 17an, 13:15ean, informazio bilera bat egingo da Udaletxeko osoko bilkuren aretoan, Lazkaoko merkatari eta ostalariei zuzenduta, ekimenaren berri emateko eta sarera atxikitzea errazteko. Gainera, ekainaren 26an, 13:15ean, argazki bat egingo da parte hartzen duten establezimendu eta entitateekin batera.
Ekainaren 28an ospatzen den LGTBI+ Pertsonen Eskubideen aldeko Nazioarteko Eguna dela eta, Lazkaoko Udaleko Berdintasun Sailak hainbat ekimen antolatu ditu sexu- eta genero-aniztasunarekiko sentsibilizazioa, hausnarketa eta konpromiso kolektiboa sustatzeko. Programatutako jardueren artean, nabarmentzekoak dira Zinegoak jaialdiko film laburren saioa eta udalerria LGTBI+ Points Sarearekin bat egitea, LGTBI+ pertsonentzako espazio seguruen sorrera bultzatzen duen proiektua.
Film laburren saioa ekainaren 17an izango da, 19:00etan, Areria Zine Aretoan, eta LGTBI+ kolektiboaren esperientzia eta errealitate ezberdinak biltzen dituzten sei istorio eskainiko dira:
- The Wind in Ash, bere jaioterrira hileta batera itzultzen den queer gazte baten istorioa da. Bertan, bere amari buruz duen pertzepzioa aldatuko duen autoaurkikuntza-bidaia bati ekingo dio.
- Delay, aita gay txinatar baten istorioa da. Bere seme heterosexualaren ezkontzara joateko Parisera iristen saiatuko da, baina bidaia ustekabeko atzerapen batek baldintzatuko du.
- Ferides, Saó eta Julianaren arteko lehen topaketari buruzko kontakizuna da; zaurgarritasuna eta sedukzioa elkartzen dira etorkizun itxaropentsu bati bidea irekitzeko.
- This Feminine Side, queer ahotsen eta Lisboako arte multimediaren bidez definitutako eta berrasmatutako feminitateari buruzko gogoeta da.
- Seuls les poissons morts suivent le courant filmak Camilleren istorioa kontatzen du. Sei urteko neskatoa da, eta, eskola-esparruan bere nortasuna aitortu ez arren, Inauterietan printzesaz mozorrotuta eskolara joatea erabakitzen du.
- Ultramarino filmean, Zazu bere nortasunaren bila dabil eta, nerabezaroaren atarian, tradizioak markatzen dion rolari jarraitzea edo bere sentimenduei leial izatea aukeratu beharko du.
Era berean, Lazkaoko Udalak beste urrats bat emango du inklusioarekin duen konpromisoan, eta LGTBI+ Points Sarean sartuko da, Euskal Herrian LGTBI+ pertsonentzat espazio seguru eta ikusgarriak sortzea sustatzen duen sarean. Helburu horrekin, ekainaren 17an, 13:15ean, informazio-bilera bat egingo da udaletxeko osoko bilkuren aretoan, udalerriko ostalaritzako eta merkataritzako profesionalei zuzenduta, ekimenaren berri emateko eta interesa duten establezimenduen atxikimendua errazteko. Ekintza hori amaitzeko, ekainaren 26an, 13:15ean, argazki bat egingo da sarean parte hartu duten erakunde eta establezimendu guztiekin batera.
Udalak herritarrei jarduera horietan parte hartzeko gonbita luzatzen die, Lazkao anitza, errespetuzkoagoa eta inklusiboagoa eraikitzen jarraitzeko, pertsona guztiak askatasunez eta segurtasunez bizi eta beren nortasuna adierazi dezaten.
