• Orain arte, hiru saio parte-hartzaile egin dira. Lehen saioan, prozesuaren balio eta printzipioak definitu ziren, pertsona eta zaintzaileetan oinarrituta. Bigarren saioan, Txindoki egoitzan, Lazkaon dauden baliabide eta agenteak identifikatu ziren. Hirugarren saioan, Orobionen, baliabide horiek eta haien erantzun gaitasuna aztertu ziren, inklusioa, irisgarritasuna eta hurbiltasuna kontuan hartuz, AMIA metodologia erabiliz.

Lazkaoko Udalak parte hartze prozesuan aurrera egiten jarraitzen du, tokiko iraupen luzeko zaintza eredu bat eraikitzeko, eta hurrengo topaketa irailean izango da. Ekimen honen helburua etengabeko zaintza behar duten pertsonen arreta sistema hobetzea eta kolektiboki definitzea da, herritarrak eta udalerriko eragile tokikoak inplikatuz, ekosistema inklusibo, lagunkoia eta jasangarri bat sortzeko.

Orain arte, askotariko talde bat eratu da, Lazkaon zaintza eta laguntza jasotzen duten pertsonek, familia zaintzaileek eta profesionalek, Udaleko teknikariek eta arduradun politikoek, osasun zentroek, tokiko elkarteek eta parte hartzeko interesa duten beste eragile batzuek osatua. Talde horrek hausnarketa eta analisi saioak egiten ditu, zaintzen arloan udalerriak dituen erronka nagusiak identifikatzeko eta hobetzeko proposamenak egiteko.

Lehen saioan, eraiki nahi den iraupen luzeko zaintza eredua gidatu beharko luketen balioak eta printzipioak landu ziren, funtsezko lau ardatzetan antolatuta:

  • Iraupen luzeko zaintza: erantzukizunaren zati handi bat emakumeei eta familiei dagokiela nabarmendu zen eta, beraz, funtsezkoa dela zaintzaileek ere arreta jasoko dutela bermatzea. Helburua da zantzak behar dituzten pertsonek erabakitzeko eskubidea izango duten sistema bat eraikitzea, profesionalen eta prebentzio-sare komunitarioaren arteko koordinazioa indartuz.
  • Pertsona ardatz duen arreta eredua: arreta pertsonalizatuaren garrantzia azpimarratu zen, zaintzaileen egonkortasuna, erreferentzia eta lankidetza, bai eta lan horiek egiten dituztenentzat lan-baldintza egokiak ziurtatzea ere.
  • Ekipamenduak eta bizitokiak: ahal den neurrian etxean, edo etxeko giroa eta erosotasuna ematen duten inguruneetan bizitzea nahiago dutela adierazi zuten. Horrek azpimarratzen du espazioen aniztasunaren eta eragile publiko eta pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia, pertsona bakoitzaren behar eta nahiak kontuan hartzen dituen arreta eskaintzeko, betiere irisgarritasun unibertsala sustatuz. 
  • Partaidetza komunitarioa: pertsona guztien duintasuna eta haien bizi-proiektua aukeratzeko eta garatzeko gaitasuna bermatzearen garrantzia nabarmendu zen. Komunitatea prebentzio-sareko eragile aktiboa izan daiteke, betiere epe luzerako helburu sozialak partekatuaz.

Bigarren saioan, Txindoki egoitzan burutua, udalerrian dauden baliabide eta agente tokikoak identifikatu ziren, baita, fisikoki Lazkaon egon ez arren, bertako biztanleen beharrei erantzuten dietenak ere. Hirugarren saioa Orobionen egin zen, eta eragile eta baliabide horiek aztertu ziren, herritarren premien aurrean erantzuteko duten gaitasuna ebaluatzeko, batez ere inklusioari, lagunkoitasunari eta hurbiltasunari dagokionez. Azterketa horretan, AMIA metodologia aplikatu zen, tokiko testuinguruaren indarguneak, ahuleziak, aukerak eta mehatxuak identifikatzea ahalbidetu zuena.

Prozesu honekin, Lazkaoko Udalak herritarren zaintza bermatuko duen udalerri bat eraikitzeko konpromisoa berresten du, pertsonak erdigunean jarriz eta herritarren inplikazio aktiboa sustatuz ikuspegi komunitario batetik.


 iraupen luzeko zaintza