• Jasotako proposamenak, 65 online eta 77 paperean, orain aztergai izango dira haien bideragarritasuna zehazteko, irailaren 14tik 26ra egingo den bozketa-faserako. 

Duela hilabete, Lazkaoko Udalak aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren hirugarren edizioa jarri zuen martxan, herritarren parte-hartzea indartu eta lazkaotarren ahotsa udal erabakietan modu zuzenean txertatzeko tresna gisa. Horretarako, 2027ko aurrekontuko inbertsio-partidatik 100.000 euroko diru-poltsa gorde da, eta zenbateko hori herritarrek proposatu eta aukeratzen dituzten proiektuak gauzatzeko erabiliko da.

Prozesua ekainaren 9an hasi zen, proposamenak aurkezteko fasearekin, eta ekainaren 30era bitarte egon da irekita. Epe horretan, lazkaotarrek udalerria hobetzeko ideiak aurkeztu ahal izan dituzte, bai aurrez aurre, Udalaren postontzian formularioa utziz, bai online, udal webgunean eskuragarri dagoen formulario digitalaren bidez.

Aurkeztutako proposamenek udalaren eskumena izan behar zuten, inbertsioen partidaren bidez finantzagarriak, teknikoki eta ekonomikoki bideragarriak eta herritarren interes orokorra lehenesten zutenak. Prozesuan Lazkaon erroldatutako 16 urtetik gorako edozein pertsonak hartu ahal izan du parte.

Epe hori amaituta, guztira 142 ekarpen jaso dira, 65 online eta 77 paperean, eta horrek herritarren erabakietan izandako inplikazioa adierazten du. 

Lazkaoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie fase honetan parte hartu duten herritar guztiei, eta azpimarratu du parte-hartze horrek agerian uzten duela herritarren konpromisoa eta prozesuaren garrantzia.

Bozketa-fasea

Proposamenak jasotzeko fasea amaituta, prozesuak ebaluazio eta aukeraketa lanekin jarraituko du. Uztailean eta abuztuan, udal zerbitzu teknikoek jasotako proposamen guztiak aztertuko dituzte, inbertsioak diren egiaztatzeko eta ezarritako irizpide tekniko eta ekonomikoak betetzen dituzten baloratzeko, haien bideragarritasuna aztertuz.

Ondoren, irailaren 14tik 26ra egingo da onartutako proposamenen aukeraketa-fasea. Egun horietan, lazkaotarrek aukera izango dute erabakitzeko zein proiektu gauzatuko diren 2027ko aurrekontuko 100.000 euroekin.

Lazkaoko Udalak prozesuaren aurrerapenen berri ematen jarraituko du, eta lazkaotar guztiei eskerrak ematen dizkie parte-hartzeagatik, udalerri hobea elkarlanean eraikitzeko konpromisoa berretsiz.


 aurrekontu parte hartzaileak proposamenak