- Naturklima Fundazioak eta Foru Aldundiak bultzatutako ekimenak, Udalaren babesarekin, herritarren ekarpenak batu nahi ditu klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren inguruan.
Lazkaoko Udalaren sarreran, uztailaren 6tik 17ra, Naturklima Fundazioak eta Foru Aldundiak jarritako postontzia egongo da, herritarrek klima-aldaketari, jasangarritasunari eta tokiko trantsizio ekologikoari buruzko proposamenak, ideiak eta ekarpenak egin ditzaten.
Kanal horren bidez, edonork helarazi ahal izango ditu bere iradokizunak, besteak beste, bero-boladen aurrean berdeguneak eta itzalguneak handitzeari, uraren kudeaketa hobetzeari, energia-eraginkortasuna sustatzeari edo birziklapena bultzatzeari buruz. Gainera, postontziaren ondoan informazio-materiala egongo da, klima-aldaketak eskualdean duen eraginaz sentsibilizatzeko.
Udalak herritarrak parte hartzera eta beren ekarpenak egitera animatzen ditu, guztion artean Lazkao jasangarriagoa eraikitzen jarraitzeko.
