- Lehiaketak Goierriko eskualdean ekintzailetzaren bidez sortutako proiektu berriak, enpresa berrikuntza eta gizarteratzea aitortzen ditu. Parte hartzeko, interesa duten enpresek dagokion kategoria aukeratu eta euren egitasmoa aurkeztu beharko diote Goiekiri irailaren 25era bitarte.
Goieki Goierriko Garapen Agentziak Enpresa Ekimen Berrien XXIX. Lehiaketarako hautagaitzak aurkezteko epea ireki du. Lehiaketa honen bidez, Goiekik ekintzailetza, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatu nahi ditu.
Deialdia hiru kategoriatan egituratzen da, enpresa ekimen berriak, enpresetan garatutako berrikuntza eta ekintzailetzaren bidezko gizarte inklusioa aitortzeko.
Enpresa Ekimen Berriko Proiektuak kategoriak urteko proiektu ekintzaile onena saritzen du. Helburua da ekintzailetza sustatzea, balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzea, eskualdean enplegua eta aberastasuna sortzea eta enpresa berrien sorrera eta garapena sustatzea. 2025-2026 aldian beren negozio ideiari buruzko bideragarritasun plana egin eta ondoren enpresa abian jarri duten ekintzaileei zuzenduta dago. Proiektu irabazleak 6.000 euroko saria jasoko du, eta horri 3.000 euro gehitu ahal izango zaizkio sortutako enpresak kooperatiba izaera juridikoa badu. Era berean, irabazleak erakundeak aurreikusitako onurak eta zerbitzuak eskuratuko ditu.
Enpresan buruturiko proiektu berritzaileak kategoriak, berriz, 2025-2026 aldian enpresan bertan aplikatzeko berrikuntza proiektu bat garatu duten Goierri eskualdeko enpresa txiki eta ertainen (ETE) ahalegina aitortzen du. Hautatutako proiektuak 2.000 euroko saria jasoko du, Goiekik eskainitako zerbitzu eta onurez gain.
Gizarte inklusioa ekintzailetzaren bitartez kategoriak urteko gizarte inklusioko enpresa ekimen berri onena saritzen du. Gizarte-bazterkeria egoeran edo lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzenduta dago, baldin eta 2025-2026 aldian beren negozio ideiari buruzko bideragarritasun plana egin eta ondoren enpresa abian jarri badute. Proiektu irabazleak 2.000 euroko saria jasoko du, eta enpresen eta enpresa-ekimen berrien arloak eskaintzen dituen zerbitzuak eskuratu ahal izango ditu.
Lehiaketa Goierrin kokatuta dauden enpresei zuzenduta dago. Parte hartzeko, dagokion kategoria aukeratu eta proiektua Goiekiri aurkeztu behar da irailaren 25 bitarte. Deialdiari eta lehiaketaren oinarriei buruzko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.
