• Herritarren 142 proposamen jaso ondoren, azterketa teknikoaren prozesuak sei proiektu finalista utzi ditu. Orain, lazkaotarrek aukeratu eta lehentasun-ordenan jarri beharko dituzte Udalak bideratutako 100.000 euroko partidarekin gauzatzea nahi dituzten hiru jarduketak.
  • Herritarrek irailaren 30era bitarte parte hartu ahal izango dute bozketan. Aurrez aurre egin ahal izango dute, Udaletxeko erakusketa gelan prestatutako kutxan formularioa utzita, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 19:00etara. Nahiago dutenek, online ere bozkatu ahal izango dute, Lazkaoko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formulario digitala betez: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20272

Lazkaoko Udalak 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileen bigarren fasea jarri du martxan, herritarrek udalerrian gauzatu nahi dituzten proiektuak hautatu eta lehenesteko aukera izan dezaten. Lehen fasean, lazkaotarrek 142 proposamen aurkeztu zituzten guztira, eta udaleko zerbitzu teknikoek egindako azterketa-prozesuaren ostean, 6 proiektu hautatu dira azken fase honetarako. Orain, herritarren txanda da, gauzatzeko garrantzitsuenak iruditzen zaizkien hiru proiektuak lehenesteko.

Udalak 100.000 euroko aurrekontua bideratuko du aukeratutako proiektuak gauzatzeko. Herritarrek hainbat proposamenen artean aukeratu ahal izango dute, besteak beste, udal ekipamenduen hobekuntzarekin, herritarren erabilerarako guneekin eta mugikortasunarekin lotutako jarduketak lehenetsiz.

Lehenesteko proiektuak:

  1. Orobioneko Adinekoen Zentroko altzariak berritzea eta klimatizazio-sistema bat instalatzea.
  2. Haurdunaldiko, jaiotza inguruko eta jaioberriaren galeraren dolua bizi duten familientzako laguntza- eta babesgune bat sortzea.
  3. Meandroan zuhaitzak eta bankuak jartzea, gunea herritarren erabilerarako eta gozamenerako.
  4. Kiroldegiaren aurrean bizikletentzako estalitako aparkaleku bat jartzea.
  5. Ikasgelan, udal ikasketa-gelan, klimatizazio-sistema bat instalatzea.
  6. San Prudentzio auzoan igogailu bat jartzeko azterlana eta proiektua idaztea.

Horrez gain, Udalak jakinarazi du padel pista eta ur-jolasen parkea herritarren babes handiena jaso duten bi proposamenetakoak izan direla, baina haien kostuak Aurrekontu Parte-hartzaileetako aurtengo aurrekontua gainditzen duenez, beste aukera batzuk aztertuko dituela bi ekimenak gauzatzeko.

Parte hartzeko bideak

Lazkaon erroldatutako eta 16 urte baino gehiago dituzten pertsona guztiek parte har dezakete. Parte hartzeko, herritar bakoitzak 3 proiektu hautatu eta lehentasun-ordena ezarri beharko du: 1 zenbakia gehien gustatzen zaion edo lehentasunezkotzat jotzen duen proiektuari eman beharko dio, 2 zenbakia bigarren aukerari eta 3 zenbakia hirugarrenari. Gainerako proiektuak markatu gabe utzi beharko dira.

Bozketa bi modutan egin daiteke:

  • Aurrez aurre: Bozketa-orria Udaletxeko erakusketa gelan dagoen kutxan utzita. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 19:00etara. Larunbat eta igandeetan itxita egongo da.
  • Online: Udalaren webgunean eskuragarri dagoen formulario digitala betez: https://labur.eus/AurrekontuPartehartzaileakLazkao20272

Bozkatzeko epea irailaren 30era bitarte egongo da zabalik.

Lazkaoko Udalak herritarrak parte hartzera animatzen ditu, haien iritzi eta lehentasunek eragina izango baitute 2027ko Aurrekontu Parte-hartzaileetan lehenetsiko diren proiektuetan. Herritarren parte-hartzea funtsezkoa da udalerrian gauzatuko diren jarduketak aukeratzeko.


 2027ko Aurrekontu Parte hartzaileak bozketa