- Ekimenaren helburua herritarrak Lazkaoko zuhaitzetara gerturatzea da eta, inkesta baten bidez, bizilagunek udalerriko espezieen inguruan duten ezagutza-maila neurtzea. Boluntario gisa lagundu nahi duten pertsonek urriaren 2ra bitarte eman dezakete izena Lazkaoko Udalean edota Udalaren wegbugunean dagoen inprimakia betez: https://forms.gle/4UVR9KDKBLuDiGeU7.
Zuhaitzak Lazkaoko eguneroko paisaiaren parte dira, eta onura ugari eskaintzen dizkiote ingurune urbanoari, hala nola itzala sortzea eta oxigenoa sortzen laguntzea. Hala ere, askotan, herritarrengandik hurbil dauden elementu natural horiek ezezagunak izaten jarraitzen dute.
Udalerriko kale eta plazetan dauden zuhaitz-espezieei buruzko ezagutza herritarrengana hurbiltzeko, “Ni ere zuhaitz bat naiz” proiektua jarri du abian herritar talde batek, Lazkaoko Udalarekin lankidetzan.
Ekimenaren helburua da herritarrek beren ingurune hurbilena osatzen duten zuhaitzak hobeto ezagutzea, haiekiko interesa areagotzea eta eguneroko bizitzaren parte diren elementu natural horiekin harreman estuagoa izatea. Horrela, proiektuak Lazkaoko zuhaitzak ezezagunak izateari uztea lortu nahi du eta, gutxienez, espezie ohikoenen izenak ezagutzea.
Proiektuaren garapenean aurrera egiteko, beharrezkoa da aldez aurretik jakitea zein den egungo egoera eta herritarrek udalerriko zuhaitzei buruz duten ezagutza maila. Horretarako, aurrez aurreko inkesta bat egingo zaie Lazkaoko herritarrei.
Inkestari esker, udalerriko zuhaitz-espezieen izen arruntei buruz lazkaotarrek duten egungo ezagutza maila ezagutuko da, baita herritarrek hurbileko elementu natural horiekiko duten harremana eta ezagutza ere.
Inkesta egiteko, proiektuak boluntarioen laguntza behar du, udalerriko hainbat tokitan herritarren erantzunak jasotzen laguntzeko. Parte hartu nahi dutenek urriaren 2ra bitarte eman ahal izango dute izena Lazkaoko Udalean edota www.lazkao.eus-en (https://forms.gle/4UVR9KDKBLuDiGeU7) bidez.
Herritarren lankidetza funtsezkoa izango da informazio hori jasotzeko eta lazkaotarrek udalerriko zuhaitzei buruz duten ezagutza mailaren benetako ikuspegia izateko. Inkesta egin ondoren, proiektuaren parte izango diren zuhaitzak eta espezie bakoitzari buruzko informazio-panelak kokatuko diren lekuak erabakiko dira.
“Ni ere zuhaitz bat naiz” ekimenaren bidez, Lazkaok herritarren eta inguruko zuhaitzen arteko lotura sendotu nahi du, gertuko natura-ondarearen ezagutza eta balorazioa sustatuz.