• Igogailu berria dagoeneko jarrita dago San Jose auzoko 19. eta 21. blokeen artean. Hurrengo asteetan kristalezko estalkia amaituko dute eta ingurua egokitzeko lanak egingo dituzte, urrian martxan jarri ahal izateko.

San Jose auzoan irisgarritasuna hobetzeko lanek aurreikusitako bidean jarraitzen dute. Irailaren lehen egunetan jarri dute 19. eta 21. etxebizitza blokeen artean kokatutako igogailu publikoa, jabari publikoko lursail batean. Igogailuak lau metro inguruko desnibela gainditzeko aukera emango du, eta auzoko bizilagunen eguneroko joan-etorriak erraztuko ditu. 

Datozen asteetan, lanek beste fase bati helduko diote. Igogailuaren kristalezko estalkia osatuko dute eta inguruko eremua egokituko dute, instalazioa kaleko espazioan behar bezala txertatzeko. Lazkaoko Udalaren aurreikuspenen arabera, lan horiek amaitu eta igogailua herritarren eskura jarriko dute urrian. 

Jarduketa honen helburua,  espazio erosoagoak, seguruagoak sortzea da, herritar guztien erabilerarako eta gozamenerako. Igogailu berriak, bereziki, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonen joan-etorriak erraztuko ditu, baita haur-kotxeak, gurditxoak edo eskailerak erabiltzea zailtzen duten bestelako elementuak erabiltzen dituztenenak ere. 

Lanak Construcciones M.B. ANTIO S.L.L. enpresari esleitu zaizkio, BEZa kanpo 166.542,76 euroko zenbatekoarekin.


 San Joseko igogailua 1