Lazkaoko Udalaren 2015-2019 plan estrategikoaren barruan zehaztutako helburu nagusien artean dago herriko ekonomia sustatzea. Horretarako, ezinbestekotzat du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu mailan herriko eragileekin elkarlana bultzatzea, sektoreak herriko ekonomian aberastasuna eta enplegua sortzen dituelako. Helburuak betetzeko bidean, Gobernu Batzordeak merkataritza eta ostalaritza sustatzeko diru laguntzen oinarriak onartu ditu. Guztira, 10.000 euro emango ditu aurten udalak.
 
Diru laguntza hauek 2017an Lazkaon irekitako merkataritza eta ostalaritza jarduera berrientzako eta indarrean dauden jardueretan urtean zehar egindako berritze eta modernizazio lanetan laguntzeko izango da. Laguntzak udaletxean eskatu behar dira, 2017ko abenduaren 31 baino lehen. Laguntzak eskatzeko aukera izango dute Jarduera Ekonomikoaren Gaineko Zergan alta emanda duten Lazkaoko merkataritza eta ostalaritza jardueren titularrek.  
 
Irekitze berria izateagatik 250 euroko zenbatekoa finkatu du udalak. Lokalak egokitzeagatik, berriz, justifikatutako gastuen %12 (gehienez 1.000 euroko mugarekin).  
 
Tokiko ekonomia sustatzeaz gain, eta merkataritza dagoen tokian bizia dagoela kontuan hartuta, herria girotzea da udalaren helburua, Lazkaok herri bizi bat izaten jarraitu dezan.