-
Bihar, urriaren 1ean, hasiko dira Kilometroak 2026 dela eta aurreikusitako aldaketak, Iturgaitzagako aparkalekua hustu beharko baita. Urriaren 2an, neurriak udalerriko beste hainbat gunetara zabalduko dira, hala nola Euskadi plazara, Iturrialde 12-14ra, Hirigoienera, Zubizkitzara eta Mikelet kaleko 1-12 zenbakietara. Urriaren 4an, Kilometroak ospatuko den egunean, Elosegi eta Hirigoien kaleak itxiko dira eta Lurraldebusen ohiko ibilbideak aldatuko dira.
Lazkaok bihar, urriaren 1ean, hasiko ditu lehen aldaketak aparkalekuetan eta zirkulazioan, urriaren 4an udalerrian egingo den Kilometroak 2026 ekitaldia dela eta.
Aldaketak datozen egunetan eta egunean bertan jarriko dira indarrean. Bihar, Iturgaitzagako aparkalekua hustu beharko da.
Urriaren 2an, hainbat aparkaleku eremutan ibilgailuak kendu beharko dira: Euskadi plazan, Iturrialdeko 12-14 zenbakietako aparkalekuan, Hirigoien kaleko tarte nagusiko zuzengunean, Zubizkitzan mendirantz dagoen ilaran antolatutako aparkalekuan eta Mikelet kaleko 1-12 zenbakietan.
Urriaren 4an, igandean, trafikoari eragingo dioten neurri berriak ezarriko dira, Kilometroak ospatuko den egunarekin bat eginez. Egun horretan, Elosegi eta Hirigoien kaleak erabat itxita egongo dira. Gurutze kalean, Hirigoien atzealdean eta Zubizkitzan (Hirigoien aldera irteera dutenak)ibilgailuek aparkatuta jarraitu ahal izango dute, baina ezin izango dira egunean zehar mugitu.
Egoera horren aurrean, herritarrei urriaren 4an ibilgailurik ez erabiltzeko eta antolakuntzako kideen jarraibideak betetzeko eskatzen zaie. Era berean, garajea duten herritarrei espazio horiek erabiltzeko gogorarazten zaie, eta egoiliarrei bereziki zuzenduta Kanpandegiko industrialde berria erabilgarri egongo dela jakinarazten da.
Aldaketek garraio publikoan ere izango dute eragina. Igandean, Lurraldebusen ohiko zerbitzuek ez dute hirigunetik igaroko, eta bi geraleku jarriko dira: bata Hiribarren kalean (Biona inguruan) eta bestea Kanpandegiko biribilgunean.
Udalak herritarren ulermena eta lankidetza eskertu ditu, Kilometroak 2026rako aurreikusitako neurrien aurrean.
