• Jarduketa irailean egin da, maiatzean oinezkoentzako ibilbide irisgarriaren lanak amaitu ondoren, eta neguan izango du jarraipena, 30 zuhaitz baino gehiago landatuta, ingurua paisaian eta natur ingurunean hobeto txertatzeko.

Lazkaoko Udalak meandroaren ingurua egokitzen jarraitzen du, joan den maiatzean zelaiaren inguruko oinezkoentzako ibilbide irisgarriaren lanak amaitu ondoren. Prozesu horren baitan, irailean banku eta paperontzi berriak jarri dira, herritarrentzako gune erosoagoa, atseginagoa eta erabilgarriagoa eskaintzeko helburuarekin.

Jarduketa horrek jarraipena ematen dio oinezkoentzako ibilbide irisgarria sortu, oztopo arkitektonikoak kendu eta gune horren eta udalerriko gainerako eremuen arteko lotura hobetu zuen proiektuari. Hiri-altzari berriekin, Udalak eremua egokitzen jarraitzen du, herritarrek gunea erosoago erabiltzeko eta gozatzeko baldintzak hobetuz.

Lanek datorren neguan izango dute jarraipena, 30 zuhaitz baino gehiago landatuta. Zuhaitz horiek ingurua paisaian hobeto txertatzen lagunduko dute, eta, gainera, itzal gehiago, biodibertsitate handiagoa eta ingurumen-balio handiagoa ekarriko dizkiote eremuari.

Horrela, Lazkaoko Udalak herritar guztien ongizatea ardatz duten espazio publiko eta babesleku klimatiko irisgarri eta jasangarriak sortzeko eta hobetzeko lanean jarraitzen du.


 meandroa bankuak eta paperontziak 1

meandroa bankuak eta paperontziak 2

meandroa bankuak eta paperontziak 3

meandroa bankuak eta paperontziak 4

meandroa bankuak eta paperontziak 5