• May Gorostiagak HH5etik aurrerako haurrentzako ipuin kontalaria saioa eskainiko du urriaren 16an, eta Kantaka eta Betiko Ametza abesbatzek Zaporeaken aldeko elkartasun kontzertua emango dute hilaren 17an. Kultur eskaintza osatzeko, helduentzako Inurri itsuak eta haurrentzako Tadeo Jones y la lámpara maravillosa filmak izango dira ikusgai.

Kulturaz gozatzeko aukera ugari izango dira aste honetan Lazkaon. Ipuin kontalaria, abesbatzen kontzertua eta haur zein helduentzako zinema emanaldiak uztartuko dira, adin eta gustu guztietako herritarrei zuzendutako eskaintza osatuz.

Lehen hitzordua urriaren 16an, ostiralean, izango da, May Gorostiagaren ipuin kontalaria saioarekin. Udal Liburutegian izango da, 16:45ean, eta HH5etik aurrerako haurrei zuzenduta egongo da. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik liburutegian izena ematea.

Abesbatzen musikak hartuko du lekukoa urriaren 17an, larunbatean, 19:00etan, Santa Ana monjen monasterioan egingo den kontzertuarekin, Udazkeneko Zikloaren baitan. Lazkaoko Kantaka Abesbatza eta Irungo Betiko Ametza Abesbatza elkartuko dira bertan, eta hainbat estilotako abestiz osatutako errepertorio berezia eskainiko dute. Kontzertuak elkartasun kutsua ere izango du, bildutako dirua Zaporeak erakundearentzat izango baita. Erakunde horrek Lesbosen errefuxiatuta dauden pertsonei elikagaiak eta laguntza eskaintzeko lan egiten du.

Bestalde, zinemak ere izango du bere tartea asteburuko kultur eskaintzan, adin desberdinetako ikusleentzako emanaldiekin. Helduentzako saioetan Inurri itsuak filma eskainiko da urriaren 17an, larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan; urriaren 18an, igandean, 19:30ean; eta urriaren 19an, astelehenean, 18:30ean eta 21:00etan. Haurrek, berriz, Tadeo Jones y la lámpara maravillosa filmarekin gozatzeko aukera izango dute urriaren 17an eta 18an, larunbatean eta igandean, 17:00etan.

Lazkaoko Udalak herritarrak egun hauetarako antolatutako proposamenetan parte hartzera eta kultur egitarauaz gozatzera gonbidatu ditu. 


 May gorostiaga