• Kanpainako bonuak plazan jarriko den karpan izango dira salgai, 17:00etatik 19:00etara. Urriaren 23tik aurrera, udaletxean erosi ahal izango dira, bulego ordutegian, agortu arte.
  • Bonu bakoitzaren prezioa 30 eurokoa izango da, eta 40 euroko erosketa-balioa izango du, 5 euroko zortzi bonutan banatuta.

Lazkaoko Udalak beste urte batez jarriko du abian udazkeneko «Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?» merkataritza bonuen kanpaina, herriko establezimenduetan erosketak sustatzeko eta tokiko merkataritzaren eta herritarren arteko lotura sendotzeko helburuarekin. Aurtengo edizioan 58 establezimenduk hartuko dute parte, eta kanpaina 2026ko urriaren 22tik azaroaren 30era bitartean egingo da.

Aurreko urteetan bezala, 2.000 bonu jarriko dira salgai, bakoitza 30 euroan, eta 40 euroko erosketak egiteko aukera emango dute. Bonu bakoitzak 5 euroko zortzi txartel izango ditu: horietako hiru kanpainari atxikitako edozein establezimendutan erabili ahal izango dira, eta gainerako bostak, elikagaiak saltzen ez dituzten establezimenduetan. Horrela, hainbat sektoretan erosketak sustatu eta herriko merkataritza jarduera dinamizatu nahi da.

Parte hartuko duten saltokiak honakoak dira: Ainhoa ileapaindegia; Alaine Albisu; Amets bat; Ana belen ileapaindegia; Ana Cristina Olano; Arakama harategia; Arriaran; Artano arrandegia; Barberia ZAC; Bika; Chaman janaridenda; Peluquería Dama; Digital Izar; Eire ile-apaindegia; Ekilore; Errotaundi; Esentzia; Eskuz Fisioterapia eta Osteopatia; Garaiz; Gazi Gozo; Gerriko; Goitia auoteskola; Golok; Gozokiak Ecu; Gure Galtzerdia; Idoia Godoy farmazia; Irizar Anaiak; Fontaneria Gomez; Jauregi elektrizitatea; Jose Antonio Insausti estankoa; Kemen; Kiosko Zelai; Klaudikas Tatoo; Koboloi; Koxkor; Leiresh; Lorena arraindegia; Magala; M.Karmen Aguado estankoa; Mamufo; Manako; Matias frutadenda; Mikel optika; Nahikiri; Nare estetika; Ogiberri okindegia; Oreka okindegia; Osatu fisioterapia; Pedro Pereiro farmazia; Pello Bidegain harategia; PinKIDS Akademia; Pranaqi; S.tilo ileapaindegia; SM Sport; Txindoki Smartphone Solutions; Unaro burdindegia; Xanu eta Ziklos Lazkao.

Bonuen salmenta urriaren 22an, ostegunean, hasiko da, 17:00etatik aurrera, herriko plazan. Hurrengo egunetik aurrera, Udaletxean eskuratu ahal izango dira, harrera zerbitzuaren ordutegian, agortu arte. Pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu erosi ahal izango ditu, eta beste pertsona batzuen izenean ere erosteko aukera izango da, haien NANa aurkeztuta eta pertsonako hiru bonuko muga errespetatuta.

Bestalde, Udalak gogorarazi du bertako nekazaritza ekoizleen bonuen kanpainako bonu guztiak saldu direla dagoeneko. Hala ere, bonuak erosi baina oraindik erabili ez dituztenek azaroaren 30era arte izango dute horretarako aukera, egun horretan amaituko baita bonu horien balioaldia ere.

Edizio berri honekin, Lazkaok gertutasuna, arreta pertsonalizatua eta herriko merkataritza sarearen aniztasuna balioesten dituen kontsumo ereduaren aldeko apustua berretsi du. «Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?» kanpainaren bidez, tokiko ekonomia indartzen jarraitu eta herritarrak erosketak herrian egitera animatu nahi dira, Lazkaoko kaleetako merkataritza bizirik eta aktibo mantentzen laguntzeko.


 Cupones de Lazkao