- Urriaren 26tik abenduaren 15era, Gipuzkoako udalerriek jarduera fisikoko liga birtual batean parte hartuko dute, eta kilometro bakoitzak izango du garrantzia. Erronkarekin bat egiteko, herritarrek WELLK aplikazioa deskargatu, izena eman eta beren udalerriko taldearekin bat egin beharko dute. Hortik aurrera, kilometroak pilatzeko aukera izango dute oinez, korrika, bizikletaz edo GPS bidez neur daitezkeen bestelako kirol-jarduerak eginez.
Gipuzkoa mugimenduan jartzeko prestatzen ari da, jarduera fisikoa, osasuna eta herritarren parte-hartzea uztartzen dituen ekimen baten eskutik. Urriaren 26tik abenduaren 15era egingo da Gipuzkoa Mugituz 2026 erronka. Egitasmoak lurraldeko udalerriak liga birtual batean parte hartzera gonbidatzen ditu, pertsona bakoitzaren ahaleginak helburu komun bati ekarpena egin dezan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak antolatu dute ekimena, Next funtsen laguntzarekin, bizimodu aktibo eta osasungarriak sustatzeko asmoz eta Lazkaoko Udalak babesten du ekimena.
"Osasunez bizi, sariak eskuratu!" lelopean, galdera bat egiten die Gipuzkoa Mugituz 2026 erronkak lurraldeko udalerriei: zein izango da Gipuzkoako udalerririk aktiboena? Herri bakoitzak bere taldea izango du, eta herritarrek kilometroak batuko dituzte oinez, korrika, bizikletaz edo GPS bidez neurtu daitekeen beste edozein kirol eginez. Egindako kilometroak puntu bihurtuko dira; hala, ibilbide bakoitzak taldearen emaitzari ekarpena egingo dio, eta udalerriko taldea liga birtualeko gorenera hurbilduko du.
Erronkan parte hartzeko, WELLK aplikazioa erabili beharko da. Aplikazio horren bidez erregistratuko dira egindako jarduerak, eta erronkarako kilometroak batuko dira. Hasteko, parte hartu nahi dutenek aplikazioa deskargatu eta izena eman beharko dute, hasierako galderei erantzunez, beren esperientzia pertsonalizatzeko. Ondoren, hasierako pantailako "Gipuzkoa Mugituz" txartelera jo, "batu" aukera sakatu eta beren udalerria hautatu beharko dute. Urrats horiek eginda, beren taldearentzat kilometroak pilatzen hasteko moduan izango dira.
Ekimenaren ezaugarrietako bat da jarduerak ez direla nahitaez udalerriaren mugen barruan egin behar. Parte-hartzaile bakoitzak non ibili, korrika egin edo kirola egin erabaki dezake, kilometroak herrian bertan zein herritik kanpo erregistratu baitaitezke. Dena den, kilometro horiek erronkan zenbatu daitezen, jarduerak GPS bidez neurtu beharko dira.
Gainera, WELLK beste aplikazio eta kirol-plataforma batzuekin sinkroniza daiteke, hala nola Garmin, Polar, Strava, Fitbit, Apple Health eta Health Connect zerbitzuekin. Lotura horiek kudeatzeko, "Perfil" atalera jo, "Ajustes" aukeran sartu eta, ondoren, "Gestionar sincronizaciones" hautatu behar da.
Udalerrien arteko lehiatik harago, Gipuzkoa Mugituz 2026 erronkak eguneroko bizitzan mugimenduari leku handiagoa egiteko eta helburu komun bat partekatzeko aukera eskaintzen du. Kilometroz kilometro osatuko da erronka, herriko taldearekin bat egitea erabakitzen duten pertsonen ekarpenei esker. Lazkaoko Udalak ere bat egiten du ekimenarekin, eta herritarrak erronkan parte hartzera, mugimenduan jarraitzera, osasuna zaintzera eta, jarduera fisikoaren bidez, Gipuzkoa aktiboago eta osasungarriago bat eraikitzen laguntzera gonbidatzen ditu.
