- Salmenta gaur arratsaldean hasiko da, 17:00etatik 19:00etara, herriko plazan jarritako karpan. Bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta 40 euroko erosketak egiteko aukera emango du kanpainarekin bat egin duten 58 establezimenduetan.
- Bihartik, urriaren 23tik, bonuak udaletxean izango dira salgai, harrera zerbitzuaren ordutegian, agortu arte. Kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erabiltzeko epea azaroaren 30ean amaituko da.
Lazkaoko Udalak «Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?» udazkeneko kanpainaren edizio berri bat jarriko du abian gaur, herriko merkataritza sustatzeko eta herritarrak erosketak Lazkaon egitera animatzeko. Horretarako, 2.000 bonu jarriko ditu salgai, ekimenarekin bat egin duten 58 establezimenduetan erabiltzeko.
Salmenta gaur, urriaren 22an, osteguna, hasiko da herriko plazan jarritako karpan, 17:00etatik 19:00etara. Bihartik aurrera, urriaren 23tik aurrera, udaletxean izango dira salgai bonuak, harrera zerbitzuaren ordutegian, agortu arte.
Bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta 5 euroko zortzi txartelez osatuta egongo da. Horietako hiru kanpainarekin bat egin duten edozein establezimendutan erabiltzeko izango dira, eta gainerako bostak elikagaiak saltzen ez dituzten saltokietarako. Pertsona bakoitzak gehienez hiru bonu erosi ahal izango ditu. Beste norbaiten izenean ere erosi daitezke, haren NANa aurkeztuta, baina pertsonako hiru bonuko muga gainditu gabe.
Txartelak erabiltzeko epea azaroaren 30ean amaituko da. Ekimen honen bidez, Lazkaoko Udalak merkataritza txikiaren aldeko konpromisoa berretsi du, eta herrian erostearen garrantzia nabarmendu du, Lazkao bizirik mantentzeko eta merkataritza sare hurbil eta anitza sustatzeko.
