- Indarkeria matxista eta sexistaren aurkako Lazkaoren konpromisoa adieraziko duen irudi bat aukeratzea du helburu lehiaketak. Herritar guztiei eta Lazkaoko Ikastolako zein Maizpide Euskaltegiko ikasleei zuzenduta dago, eta proposamen artistikoak azaroaren 2tik 14ko 15:00ak arte aurkeztu daitezke Lazkaoko Udaletxean. Lan irabazlearen egileak 300 euroko bonua jasoko du, Gerriko liburu-dendan gastatzeko.
Lazkaoko Udalak, Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunaren eta Adineko Pertsonen arloaren bitartez, indarkeria matxista desagerrarazteko herriaren konpromisoa islatuko duen irudi bat aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Indarkeria matxistaren prebentziorako udal-kanpainaren barruan kokatzen den ekimen honen helburua da herritarrak sentsibilizatzea, indarkeria mota horren adierazpen guztiei aurre egiteko norbanakoen zein gizarte osoaren erantzukizunaz jabetu daitezen, eta gaitzespen eta zero tolerantziako jarrera sustatzea.
Aukeratutako irudia indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutako udal-argitalpenetan erreferentziazko irudi bihurtuko da, eta, hala, kanpainaren mezua lehiaketatik harago zabaltzeko balioko du.
Lehiaketa herritar guztiei dago zabalik, baita Lazkaoko Ikastolako eta Maizpide Euskaltegiko ikasleei ere. Parte-hartzaile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, bere proposamena gauzatzeko egokien iruditzen zaion teknika artistikoa aukeratuta. Pintura, argazkigintza, collagea eta bestelako teknikak onartuko dira, betiere lanak argitaratu gabeak badira, 30 × 40 zentimetroko neurriak badituzte, formatu bertikalean aurkezten badira eta “LAZKAOK EZ DU ERASO SEXISTARIK ONARTZEN” leloa jasotzen badute.
Lanak aurkezteko epea azaroaren 2tik 14ko 15:00ak arte egongo da zabalik, eta Lazkaoko Udaletxean (Euskadi Enparantza, 1) entregatu beharko dira.
Lan irabazlearen egileak 300 euroko bonua jasoko du, Lazkaoko Gerriko liburu-dendan gastatzeko. Irabazlea aukeratzeko epaimahaia Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, arloko zinegotziak eta Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunaren eta Adineko Pertsonen Batzordeko kideek osatuko dute. Lehiaketa ebatzi ondoren, erabakiaren berri emango zaio irabazleari, eta sari-banaketa ekitaldiaren data aurrerago zehaztuko da.
Era berean, azaroaren 25etik aurrera, epaimahaiak aukeratutako lanen erakusketa antolatuko da. Irudi irabazlea Udalaren esku geratuko da, eta hura inprimatzeko, argitaratzeko eta zabaltzeko eskubideak izango ditu.
Lazkaoko Udalak herritarrak lehiaketan parte hartzera animatu ditu, sormenaren bidez indarkeria matxistarik eta sexistarik gabeko gizarte baten aldeko konpromiso kolektiboa agerian uzteko.
Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Lazkaoko Udalaren webgunean dituzte eskuragarri lehiaketaren oinarri guztiak.
