- Ekimenak harrera zabala izan du lazkaotarren artean. Tokiko merkataritzarako bonuak azaroaren 30era arte erabili ahal izango dira.
"Nik Lazkaon, zuk zergatik ez?" udazkeneko kanpainako 2.000 bonuak agortu dira dagoeneko. Urriaren 22an jarri ziren salgai, eta harrera zabala izan dute herritarren artean. Lazkaoko Udalak herriko establezimenduetan erosketak sustatzeko eta tokiko ekonomia indartzeko bultzatutako ekimenak harrera oso ona izan du lazkaotarren artean.
Aurtengo edizioan 55 saltokik parte hartu dute. Bonu bakoitzak 30 euroko prezioa du, baina 40 euroko erosketa-balioa eskaintzen du, bost euroko zortzi txarteletan banatuta. Horietako hiru kanpainarekin bat egin duten edozein saltokitan erabil daitezke; gainerako bostak, berriz, elikagaiak saltzen ez dituzten establezimenduetan. Horrela, kanpainak herriko saltokietan kontsumitzea sustatzen du, eta tokiko merkataritza-jarduera dinamizatzen laguntzen du.
Bonu guztiak saldu badira ere, erosi dituzten herritarrek 2026ko azaroaren 30era bitarte erabili ahal izango dituzte.
