• Egitasmoaren helburua da herritarrek herriko zuhaitzei buruz duten ezagutza-maila aztertzea, inkesta baten bidez. Parte hartu nahi dutenek Lazkaoko Udalean edo izen-emate  inprimakiaren bidez eman dezakete izena.

Lazkaoko Udalak azaroaren 3ra bitarte luzatu du “Ni ere zuhaitz bat naiz” proiektuan boluntario gisa izena emateko epea. Lazkaotar talde batek Udalarekin elkarlanean sustatutako egitasmoa da, eta herritarrek herriko zuhaitzak hobeto ezagutzea du helburu. Epea luzatuta, Udalak parte hartzeko aukera gehiago eman nahi dizkie proiektuan lagundu nahi duten herritarrei.

Parte hartu nahi dutenek Lazkaoko Udalean edo udalaren webgunean eskuragarri dagoen inprimakiaren bidez eman dezakete izena.

Zuhaitzak Lazkaoko eguneroko paisaiaren parte dira, baina herriko kale eta plazetan dauden espezieetako asko ezezagunak dira oraindik herritar askorentzat. Natura-ondare hori herritarrei hurbiltzeko asmoz, “Ni ere zuhaitz bat naiz” proiektuak herriko zuhaitzekiko interesa piztu, haiek identifikatzen lagundu eta ingurunearekiko lotura estuagoa sustatu nahi du.

Lehen urrats gisa, aurrez aurreko inkesta bat egingo da, herritarrek Lazkaoko zuhaitz-espezieen izen arruntei buruz duten ezagutza eta zuhaitz horiekin duten harremana aztertzeko. Horretarako, boluntarioen laguntza beharko da, herriko hainbat gunetan herritarren erantzunak jasotzeko.

Inkesta amaitutakoan, emaitzak oinarri hartuta, proiektuan parte hartuko duten zuhaitz-espezieak aukeratuko dira, eta haiei buruzko informazio-panelak non jarri erabakiko da. Panel horien bidez, Lazkaoko hiri-inguruneko zuhaitzak hobeto ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Lazkaoko Udalak herritarrei egitasmoarekin bat egiteko eta parte hartzeko deia egin die, herriko natura-ondarea balioan jarri eta eguneroko ingurunean dauden zuhaitzen ezagutza zabaltzea helburu duen proiektu honetan lagunduz. 


 Ni ere zuhaitz bat naiz proiektua