- Bosgarren saioa egin ostean, zaintzen inguruko hausnarketa-prozesuari amaiera emateko azken topaketa irekia 17:30etik 19:00etara egingo da udaletxeko bilkuren aretoan, egindako lanaren ondorio nagusiak eta etorkizunerako proposamenak herritar guztiekin partekatzeko.
Lazkaoko zaintzen inguruko mahai zabalaren azken saioa abenduaren 10ean izango da, 17:30etik 19:00etara udaletxeko bilkuren aretoan. Herritar guztiei zuzendutako topaketa honetan, azken hilabeteetan egindako lanaren emaitzak aurkeztuko dira, herri zaintzaileago, irisgarriago eta inklusiboago baterantz aurrera egiteko helburuarekin.
Orain arte bost saio egin dira, eta azkenekoan aurreko topaketetan jasotako ekarpenak eta hausnarketak bateratzeko lanketan aurrera egin dute parte-hartzaileek. Prozesuan udal ordezkari politikoek eta teknikariek, herriko elkarte eta eragileek eta zaintzaren errealitatea gertutik ezagutzen duten herritarrek hartu dute parte.
Elkarlan horren bidez, Lazkaoko zaintzen egungo egoera aztertu dute, herrian dauden beharrak eta erronkak identifikatu eta etorkizunera begirako aukeren inguruan hausnartu dute. Horrez gain, beste herri eta komunitate batzuetako esperientziak ezagutzeko aukera izan dute, besteak beste, zaintzaileei laguntzeko ekimenak, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko egitasmoak, autonomia pertsonala sustatzeko ereduak eta belaunaldien arteko bizikidetza indartzeko proposamenak. Esperientzia horiek erreferentzia izan dira Lazkaon garatu daitezkeen ekimenak irudikatzeko.
Azken saio irekian, prozesuan jasotako ekarpenetatik ateratako ondorio nagusiak eta zaintzen etorkizunerako identifikatutako erronkak eta proposamenak ezagutaraziko dira. Era berean, zaintza komunitate osoari dagokion erronka dela azpimarratuko da, herritarren ongizatean eta herriaren etorkizunean duen garrantzia nabarmenduz.
Lazkaoko Udalak herritar guztiak gonbidatzen ditu topaketan parte hartzera, egindako lana ezagutzera eta herri zaintzaileago bat eraikitzeko bidean elkarrekin aurrera egiten jarraitzera.

