• Lanak azaroaren 14ko 15:00ak arte aurkeztu beharko dira Lazkaoko Udaletxean, herritarrek arte sorkuntzaren bidez indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa adieraztea helburu duen ekimenaren baitan.
  • Lan irabazlearen egileak 300 euroko bonua jasoko du, eta irudia Udalaren etorkizuneko sentsibilizazio kanpainetan erabiliko da.

Lazkaoko Udalak herriak indarkeria matxistaren aurka duen konpromisoa irudikatuko duen irudia aukeratzeko antolatutako lehiaketa azken txanpan sartu da. Lanak aurkezteko epea azaroaren 14an amaituko da, 15:00etan. Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko eta Adineko Pertsonen Arloak sustatutako ekimenaren helburua da arte sorkuntza indarkeria matxista eta sexistaren adierazpen guztien aurkako sentsibilizaziorako eta gaitzespen kolektiborako tresna bihurtzea.

Lehiaketa herritar guztiei zuzenduta dago, Lazkaoko Ikastolako eta Maizpide Euskaltegiko ikasleei barne. Parte hartzaile bakoitzak argitaratu gabeko lan bakarra aurkeztu beharko du, pintura, argazkigintza, collagea edo bestelako arte teknikaren bat erabilita. Lanek 30 × 40 zentimetroko neurriak izan beharko dituzte, formatu bertikalean, eta “LAZKAOK EZ DU ERASO SEXISTARIK ONARTZEN” leloa jaso beharko dute. Proposamenak Lazkaoko Udaletxean aurkeztu beharko dira, Euskadi Enparantza 1 helbidean.

Lan irabazlearen egileak 300 euroko bonua jasoko du, Lazkaoko Gerriko liburu dendan erabiltzeko. Lan irabazlea aukeratzeko epaimahaia Gizarte Zerbitzuetako teknikariek, arloko zinegotzigoaren ordezkariek eta Gizarte Zerbitzuetako, Berdintasuneko eta Adineko Pertsonen Batzordeko kideek osatuko dute. Erabakia zuzenean jakinaraziko zaio saritutako pertsonari, eta sari banaketaren eguna aurrerago zehaztuko da.

Era berean, azaroaren 25etik aurrera, epaimahaiak hautatutako lanen erakusketa antolatuko da, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Irudi irabazlea Udalaren esku geratuko da, eta hura inprimatzeko, argitaratzeko eta zabaltzeko eskubideak izango ditu. Hala, Udalaren etorkizuneko prebentzio kanpainetarako erreferentziazko irudia izango da.

Ekimen honen bidez, Lazkaoko Udalak herritarrak parte hartzera eta sormenaren bitartez indarkeria matxista eta sexistarik gabeko gizarte baten aldeko konpromisoa agerian jartzera deitu ditu.

Lehiaketaren oinarri guztiak Udalaren webgunean daude eskuragarri, www.lazkao.eus.


 Lazkao A25 irudi lehiaketa