- Dantzak emango dio hasiera kultur egitarauari ostiralean, azaroaren 13an. Larunbatean, berriz, herri kirolen eta Korrontzi, Oin Arin eta Oinkari taldeen ikuskizunaren txanda izango da. Igandean, Lazkaoko Musika Bandak Santa Zezilia ospatuko du, diana eta kontzertu batekin.
- Areriako ohiko zinema emanaldietan, La oveja Shaun. Misión calabaza izango da igandeko haurrentzako filma, eta La invitación, berriz, igandean eta astelehenean emango dute, helduentzat.
Aste honetan, lazkaotarrek kultur egitarau anitzaz gozatzeko aukera izango dute. Dantza ikuskizunak, zuzeneko musika, herri kirolak eta adin guztietako ikusleei zuzendutako zinema emanaldiak izango dira.
Egitaraua ostiralean, azaroaren 13an, hasiko da, 19:00etan, Arerian La Fille Mal Gardée dantza ikuskizunaren emanaldiarekin. Dantza pantaila handian ikusteko aukera eskainiko du saioak.
Herri kirolek eta dantzak hartuko dute lekukoa larunbatean, azaroaren 14an. 18:30ean, Euskadiko hirugarren mailako aizkolarien kanporaketa jokatuko da Lazkaoko frontoian. Bestalde, 19:00etan, Munduan dantzan jarriko nuke Korrontzi banintza ikuskizuna izango da Arerian. Korrontzi musika taldeak eta Oin Arin eta Oinkari dantza taldeek musika eta dantza uztartuko dituzte oholtza gainean.
Igandean, azaroaren 15ean, Santa Zezilia egunaren harira, Lazkaoko Musika Bandak diana eskainiko du 9:30ean, eta ohiko kontzertua emango du 12:30ean.
Ohiko zinema emanaldiei dagokienez, haurrek La oveja Shaun. Misión calabaza filma izango dute ikusgai igandean, azaroaren 15ean, 17:00etan, Arerian. Helduentzako La invitación filma, berriz, egun berean emango dute, 19:30ean. Zinema eskaintza astelehenean, azaroaren 16an, osatuko da, azken film horren beste bi emanaldirekin, 18:00etan eta 21:00etan.
Lazkaoko Udalak herritarrak aste honetarako antolatutako jardueretan parte hartzera eta adin zein gustu guztietarako prestatutako kultur eta aisialdi eskaintzaz gozatzera gonbidatzen ditu.
