- Udalak 11.000 euro bideratu ditu mendekotasuna edo desgaitasuna duten 6 eta 25 urte bitarteko pertsonentzako laguntzetara, eta horiek eskatzeko, egoera hori egiaztatu eta aurreko urtean egindako tratamenduaren gastuak justifikatu beharko dira. Eskaerak azaroaren 30era bitarte aurkez daitezke Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailean.
Lazkaoko Udalak dirulaguntza deialdi berri bat ireki du mendekotasuna edo desgaitasuna duten eta estimulazio edo errehabilitazio tratamenduak behar dituzten herriko 6 eta 25 urte bitarteko pertsonentzat. Laguntza horietarako 11.000 euroko aurrekontua bideratu du Udalak, tratamendu horiek urtean zehar eragiten dituzten gastuei aurre egiten laguntzeko eta onuradunen nahiz haien familien zama ekonomikoa arintzeko.
Dirulaguntzak eskatzeko, eskaera orri ofiziala, familia unitatea osatzen dutenen nortasun agirien kopiak, familia liburuaren kopia, bankuko kontuaren datuak eta aurreko urtean egindako tratamenduaren gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira. Horrez gain, mendekotasuna edo desgaitasuna egiaztatu beharko da Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako ziurtagiriaren bidez. Dena den, eskatzaileak baimena emanez gero, Udalak zuzenean eskuratuko du agiri hori.
Deialdiak familia unitatearen egoera ekonomikoa kontuan hartzeko aukera ere jasotzen du. Egoera hori baloratzea nahi dutenek diru sarreren eta jasotako prestazioen egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte, baita Udaleko Gizarte Zerbitzuek beharrezko datuak kontsultatzeko baimena ere.
Eskaerak Lazkaoko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailean aurkeztu beharko dira, azaroaren 30era arte, egun hori barne.
Argibide gehiago nahi izanez gero, udalaren www.lazkao.eus webgunea kontsulta daiteke edo 943 088 080 telefono zenbakira deitu.
