• Kapsula Kuantikoak fisika kuantikoaren mundua ezagutzeko esperientzia interaktiboa eskainiko du azaroaren 26an, ostegunean, 16:00etatik 19:00etara, herritar guztientzat zabalik. Azaroaren 27an, ostiralean, "Ombuaren itzala" filma emango dute Arerian, 19:00etan, eta larunbatean, hilaren 28an, erraldoiak eta buruhandiak Lazkaoko kaleetara aterako dira 11:30ean, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira.
  • Arerian "Katu kapeladuna" haurrentzako filma eta "Tiempos de ilusión" helduentzako filma emango dituzte asteburuan. Azken hori azaroaren 30ean, astelehenean, ere izango da ikusgai.

Aste honetan, lazkaotarrek zientziaren dibulgazioa, erraldoiak eta buruhandiak eta zinema uztartuko dituen kultur egitaraua izango dute, adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamenekin.

Kapsula Kuantikoa Euskadi Enparantzan izango da azaroaren 26an, ostegunean. Esperientzia murgiltzaile, interaktibo eta irisgarri baten bidez, fisika kuantikoaren mundua eta materiaren sekretuetako batzuk ezagutzeko aukera eskainiko du. Goizean, 09:00etatik 14:00etara, ikastolako ikasleei zuzenduta egongo da jarduera, eta arratsaldean, 16:00etatik 19:00etara, herritar guztientzat zabalik egongo da.

Hurrengo egunean, azaroaren 27an, ostiralean, "Ombuaren itzala" filma emango dute Arerian, 19:00etan. Patxi Bisquertek zuzendutako 2024ko euskal filmak Pello Mari Otaño poeta eta bertsolariaren bizitzako azken hogei urteak ditu ardatz, Argentinara egindako emigrazioa, familia-bizitza eta haren konpromiso politiko eta kulturala jorratuz.

Euskararen Nazioarteko Egunak ere izango du lekua aste honetako agendan. Abenduaren 3an ospatzen den egun horren harira, erraldoiak eta buruhandiak Lazkaoko kaleetara aterako dira azaroaren 28an, larunbatean. Irteera 11:30ean izango da, Herriko plazatik abiatuta, eta familia osoari zuzenduta egongo da.

Asteburuan, zinemak ere izango du lekua Arerian, publiko desberdinei zuzendutako bi filmekin. Haurrek "Katu kapeladuna" ikusteko aukera izango dute azaroaren 28an eta 29an, larunbatean eta igandean, 17:00etan. Helduentzako "Tiempos de ilusión" filma, berriz, larunbatean emango dute, 19:30ean eta 22:00etan, eta igandean, 19:30ean. Astelehenean, azaroaren 30ean, beste bi emanaldi izango dira, 18:00etan eta 21:00etan, asteko zinema eskaintzari amaiera emateko.

Lazkaoko Udalak aste honetako kultur jardueretan parte hartzera eta antolatutako proposamenez gozatzera gonbidatu ditu herritarrak.


 erraldoi lazkao