- Udalak azaroaren 25aren harira antolatutako sormen artistikoko lehiaketa irabazi du. Guztira, 29 proposamen aurkeztu dira lehiaketara, eta guztiak azaroaren 30era bitarte egongo dira ikusgai Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Intza Arnaz Iparragirre izan da Lazkaoko Udalak azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira antolatutako sormen artistikoko lehiaketaren irabazlea. “Emakume izateak ez du esan nahi inoren aginduak bete behar ditudanik! Askeak gara! Beraz, matxismoari hegoak moztu” izeneko lanak emakumeen askatasuna eta autonomia aldarrikatzen ditu, eta indarkeria matxistaren aurkako Lazkaoren ikur bilakatuko da, udal argitalpenetan erabiliz.
Lan irabazlea gaur goizean eman dute ezagutzera, erakusketa aretoan egindako sari banaketan. Arnaz Iparragirrek diploma bat eta Gerriko liburu dendan erabiltzeko 300 euroko bonua jaso ditu. Gainerako parte hartzaileek ere oroigarri bana jaso dute, egindako ekarpena eskertzeko.
Gizarte Zerbitzuen, Berdintasunaren eta Adinekoen arloak sustatutako lehiaketara 29 proposamen aurkeztu dira, bakarka zein taldeka egindakoak. Epaimahaiak lanen kalitate artistikoa eta sormena nabarmendu ditu. Lan guztiak azaroaren 30era bitarte egongo dira ikusgai Lazkaoko Kultur Etxeko erakusketa aretoan.
Lazkaoko Udalak eskerrak eman dizkie ekimenean parte hartu duten herritarrei. Ekimenaren bidez, sormen artistikoa gogoeta sustatzeko eta indarkeria matxistaren aurkako konpromiso kolektiboa azaroaren 25etik harago sendotzeko tresna bilakatu da.



