Garraio publikoaren erabilera bultzatzeko helburuarekin kanpaina abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierrin. Goierritarren mugikortasun ohiturak aldatu eta ibilgailu pribatuen ordez autobus publikoen erabilera sustatu nahi du. Atzo, martxoak 15, hasi zen kanpaina. Lazkaoko Udalak bat egin du kanpainarekin, eta herritarrak animatu nahi ditu garraio publikoa erabiltzera.
Marisol Garmendia diputatuak emandako datuen arabera, Lurraldebusek gero eta linea gehiago eskaintzen ditu Goierrin, eta erabiltzaile kopuruak ere gora egin du. Lazkao-Ospitalea linean, adibidez, %46,7 hazi da erabiltzaile kopurua, eta Legorreta-Ataun linean (Lazkaori dagokiona) %23.
Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio publikoaren zerbitzua hobetzen jarraitu nahi du, herritarren lehen aukera izan dadin. Zer hobetu ere bada oraindik, eta aldundiak iragarri duenez, hainbat hobekuntza egingo ditu, tartean, esaterako, markesinetako informazio paneletan. Goierrin abiatu duen kanpainarekin eskualdeko biztanleek garraio publikoa erabiltzeko duten joera saritu nahi du aldundiak.
Aitana eta Paula Etxeberria abeslariak, Iñaki Murua bertsolaria eta Bertsozale Elkarteko lehendakaria, Julen Goia Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalaria eta Lurdes Zurutuza Ataungo baserritarra dira kanpainako irudiak.
Informazio gehiago: www.lurraldebus.eus