• Aurkezpen ekitaldia egingo da ostiralean, urtarrilak 22, arratsaldeko 19:00etan, Areria Aretoan. Doanekoa da ekitaldia, baina gonbidapena eskuratu behar da www.lazkao.eus -en.
  • Martxoan lehen sektoreari zuzendutako kontsumo-bonoak kaleratzea adostu du Udalak baserritar ekoizleekin.

Lazkaoko Udalak, lehen sektorea lagundu eta bertako produktua sustatzeko estrategiaren baitan, Bertako Baserritar Ekoizleen Gida sortu berri du. Aurkezpen ekitaldia egingo da ostiralean, urtarrilak 22, arratsaldeko 19:00etan, Areria Aretoan. Doanekoa da ekitaldia, baina gonbidapena eskuratu behar da www.lazkao.eus -en Covid-19aren aurrean segurtasuna bermatze aldera.

Lazkaoko Udalak 19-23 Legealdi Planean jasoa du lehen sektorea sustatu eta bertako produktuen kontsumoa bultzatzeko lan-lerroa. Gidaren egitasmoa Covid-19aren bilakaerak azkartu du. Udalak azaldu duenez, “pandemiaren ondorioz, San Migeletako feria ezin eginaren aurrean, ekoizleen lana merkaturatzeko bide berrien bila hasi ginen. Aukeretako bat zen herriko kontsumo bonoen idea baserritar ekoizleen alorrera ekarri eta bono berezi batzuk kaleratzea. Egokia ikusi zen eta baserritarrekin batera adostu da bonoak kaleratzeko unea, uzta eta ekoizpena tarteko. Martxoan kaleratuko diren bonoen xehetasun gehiago aurrerago eskainiko du Udalak. Baina bono horiek erabili ahal izateko ezinbesteko da ekoizleak ezagutzea. Hori lortu nahi da gida honekin: lazkaotarrek jakitea bertako produktua non daukan eskura”.

Gida, behin ostiral honetan aurkeztuta, etxe guztietara banatuko da eta eraikin publikoetan ere eskura egongo da. Bertan baserritar ekoizleen informazioa dago eskura, kontaktua, salmenta puntuak, ordutegiak… Era digitalean ere eskura egongo da www.lazkao.eus -en.

 3LAZKAO GIDA IKOM 3 1 page 001