• Hain zuzen zaborren, mahai zein aulkien, toldoen, errotuluen eta uraren zati finkoen tasetan 100%go hobaria emango du Lazkaoko Udalak 2021eko lehen seihilekoan, edo gauza bera, ez dira ordaindu beharko; uztailean, egoera berraztertuko da neurrien luzapena zehazteko. Uraren kontsumoaren tarifa %40 murriztuko da ere.
  • Neurri hori Covid-19ari aurre egiteko 2021erako Udalak osatutako plangintzaren baitan dago jasoa eta helburu du pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiten laguntzea eta kasu honetan, ostalarien presio fiskala arintzea ere.

Jakina da jada Covid-19ak ondorio ekonomiko gogorrak eragin dituela gizartean oro har eta bereziki hainbat sektoretan. Hori aintzat hartuta eta herriko ehun ekonomikoa eta gizarte ongizatea babestea lehentasun izanik, Lazkaoko Udalak etengabe egin du lan egoera zail eta berri honi aurre egiteko. Ildo horretan, berriki merkataritza, zerbitzuak eta ostalaritza suspertu eta sustatzeko plangintza osatu du 2021erako.

Gauzak horrela, plangintza horren baitan jasotako neurrietan oinarrituta eta egungo egoera kontuan hartuta, joan den ostegunean, udalbatzak ostalaritza alorrari dagokien tasen inguruko hobarietan aldaketak onartu zituen. Horri jarraiki, 2021eko lehen seihilekoan, ostalaritzako tasek 100%go hobaria izango dute, hau da, ez dira ordaindu beharko.

Zehazki zaborrei, mahai zein aulkiei, toldoei, errotuluei eta uraren zati finkoari dagokien tasen hobariak dira Udalak 100%ean emango dituenak. Bestalde, uraren kontsumoaren tarifa %40 murriztuko da ere. Esan bezala, neurri hau urteko lehen seihilekoan egongo da indarrean; uztailean, egoera berraztertuko du Udalak eta horren arabera zehaztuko du neurri horren luzapena.

Terrazen azalera muga handitzeko erabakiak ere jarraipena izango du 2021ean. Betiere, bizikidetzari eta hirigintzari buruzko gutxieneko arauak betearaziz.

2021erako plangintza hori iaz abian jarritako Suspertze Planaren eboluzioa da eta kasu honetan, Udalak dituen baliabideen barnean, herritarrei eta bereziki merkataritza, zerbitzu eta ostalaritza alorrean lan egiten duten pertsonei babesa eta laguntza eskaintzea du helburu, tokiko ekonomia suspertzeko. Ildo horretan, berriki onartutako neurriaren bitartez, pandemiak eragindako ondorio ekonomikoei aurre egiteko laguntza eskaini nahi die Udalak ostalariei, baita haien presio fiskala arindu ere.

Kepa Zubiarrain alkateak azpimarratu du Berraktibazio Planaren lehen lan-lerroak direla abiatu berri direnak: "ostalaritza, merkataritza edota industria eran, momentu zailak ari da bizitzen Covid-19aren pandemiaren ondorioz. Lagundu nahi diegu ostalariei tasak kenduz, esfortzu berezia egin behar duten une honetan. Babesa adierazi eta bidea erraztu, berreskuratze unea ahalik eta lasterren eman dadin eta ahalik eta indartsuen iristeko".

 taberna