Osasun Sailak Covid-19aren aurreko baheketa burutuko du ostegun eta ostiral honetan, martxoak 25 eta 26, Lazkaon. 19 eta 59 urte arteko lazkaotarrak daude deituak froga egitera. Arratsaldeko 15:00etatik 20:00etara burutuko dira PCR frogak Lazkaoko Kiroldegian.

Proba egiteko, aldez aurretik, hitzordua eskatu behar da Lazkaoko osasun-zentroan (943 80 55 60) edo Osakidetzako Osasun Kontseilura (900 203 050) deituta. Asteazkeneko, martxoaren 24a, 9:00etatik aurrera eskatu ahal izango da hitzordua. Osasun Sailak adierazi duenez, proben emaitzak SMS bidez bidaliko zaizkie kaltetuei. Baheketa egiten zaien pertsonek ez dute isolamendurik beharko probaren emaitza lortu arte.


Hala ere, sintomak dituztenek edo aurretik isolatuta daudenek ez dute baheketara joan behar; aitzitik, osasun-zentroarekin harremanetan jarri beharko dute.

 

Lazkaoko intzidentzia tasa hobetu eta hedapena mozteko erantzunkidetasun indibidual eta kolektiboari dei egiten dio Udalak

“Lazkaoko Covid-19aren intzidentzia datuek gora egiten jarraitzen dute eta ezin dugu ukatu momentuko egoera kezkagarria dela, birusak azkar hedatzen jarraitzen duelako herrian” adierazi du Lazkaoko alkateak, Kepa Zubiarrainek. Atzoko datuei erreparatuz, martxoak 22, intzidentzia tasa 1331n kokatzen da.

Egoera horren aurrean, Lazkaoko Udala Osasun Saileko arduradunekin etengabeko harremanean dago, azken asteotako datu horien bilakaera eta intzidentzia datuen jarraipen zuzena eginaz. “Baheketak Covid-19aren argazki osoago bat emango digu” nabarmendu du alkateak.

“Gai honen inguruan, oso garrantzitsua  da  azpimarratzea,  une bakoitzean  hartu beharreko neurriak, Osasun Sailari dagozkiola, eta ez Udalari. Herrian bizi dugun kezka eta egoeraren berri,behin da berriro aditzera eman dio Udalak Osasun Sailari eta gure baliabide eta beharrezko laguntza guztia eskaini diogu” dio Kepa Zubiarrain Alkateak.

Edozein kasutan, Udalak erantzunkidetasun indibidual eta kolektiboari dei egin dio beste behin, datu horiei aurre egitea eta zifra gorriak atzean uztea guztion ardura dela berretsiz.  

“Badakigu egoera luze jotzen ari dela eta pandemiarekiko nekea ere nagusi dela, baina, oraindik ere, inoiz baino garrantzitsuagoa izaten jarraitzen du elkarlanean aritzea, guztiok bat egin eta osasun neurriak betetzea. Horretarako, ardura indibidualetik abiatu behar dugu, norbanakoaren ekintza txikietatik, horiek guztiak batuta lortuko baitugu erantzun kolektiboa ematea eta zifra gorriei aurre egitea”, azaldu du Kepa Zubiarrain alkateak.

Azken urte honetako gora-beheren bitartez, egun batetik bestera egoerak azkar batean okerrera egin dezakeela ikusi dugu, zifra hori edo laranjetatik gorrira pasatzea eguneko kontua dela, alegia. Alderantzizko bidea, ordea, aste ugariko kontua da, horrenbestez, ezin dugu erlaxatu. Ezinbestekoa da musukoa erabiltzea, distantziak mantentzea, higiene neurriak bermatzea eta bereziki kontaktu soziala ahalik eta gehien murriztea, etorkizunera begira, guzti hori indarrez berreskuratu ahal izateko”, amatu du alkateak.